Gizartea -

KORONABIRUSA

Aldaketarik ez, EAEko ostalaritzari eragiten dioten murrizketetan

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden taberna eta jatetxeak irekitzeko baimena eman ostean, ostalaritzari eragiten dioten neurriak bere horretan mantentzea erabaki du LABIk.

Bilboko Zazpikaleetako taberna bat, zabalik. Argazkia: Asier Sanchez
Bilboko Zazpikaleetako taberna bat, zabalik
Bilboko Zazpikaleetako taberna bat, zabalik. Argazkia: Asier Sanchez

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABIren Aholku Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden neurriak berrikusi ditu gaurko bileran, eta ostalaritzari dagozkion murrizketak bere horretan mantentzea erabaki du. Beraz, 100.000 biztanleko 500 positibo baino gehiago dituzten herrietan ere tabernak eta jatetxeak zabaldu ahalko dira aurrerantzean ere

Aste honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden taberna eta jatetxeak irekitzeko baimena eman ostean, ostalari asko eta asko LABIren erabakiaren zain zeuden. Ostalaritzari dagokionez, ordea, ez da aldaketarik izan.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin zuen ostalariek jarritako helegitea, eta eremu gorrian dauden taberna eta jatetxeak berriro zabaltzeko baimena eman zuen, behin-behinean eta auziaren muina aztertu bitartean.

Dena dela, ostalariek hainbat neurri bete beharko dituzte ateak ireki ahal izateko: 20:00etatik 06:00etara ixtea, barruan % 50eko edukiera ez gainditzea edo mahai berean lau pertsona baino gehiago ez elkartzea.

Hauek dira ostalaritzako murrizketak, EAEn:

Hauek dira ostalaritzako murrizketak

- Edukiera % 50ekoa izatea

- Mahai ezberdinetan dauden pertsonen artean gutxienez metro eta erdiko tartea uztea

- Mahai bakoitzean gehienez 4 pertsona batu ahal dira

- Debekatuta dago zutik edo barran kontsumitzea

- Lokalak 20:00etarako egon behar dira itxita, eta ezin dira zabaldu 06:00ak baino lehen

- Eskariak entregatzeko epea 21:00ak arte izango da, eta etxean banaketa egitekoa, aldiz, 22:00ak arte

- Musukoa derrigorrezkoa da uneoro, edateko edo jateko unean bertan izan ezik.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Euskadi dela "laguntza gehien" ematen dituen erkidegoa, covid-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako neurri murriztaileek kaltetutako sektore guztiei, eta ostalaritzarako ezarrita dauden neurrien "osagarriak" aztertzen ari direla gaineratu du.

Lehendakariak adierazi duenez, badakite hartzen dituzten neurriek eragin "negatiboa" dutela hainbat sektore ekonomikotan, kiroletan, kulturan eta beste hainbat arlotan. Gainera, hori dela eta, "era guztietako laguntzak" eskaintzen dituztela adierazi du, eta Euskadi da kaltetutako sektore guztiei "laguntza gehien" ematen ari den erkidegoa.

Iñigo Urkulluk zehaztu duenez, atzo hainbat sektoretan neurri murriztaileak izaten ari diren "eragina" jasotzen duten Aurrekontuak onartu zituzten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak gaur Koronabirusa olatu berria EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak