Gizartea -

Koronabirusa

Intzidentzia tasa metatua 60 kasura jaistea da Jaurlaritzaren helburua

Txertatzen jarraitzearen garrantzia ere azpimarratu du Urkullu lehendakariak. Aitortu duenez, ordea, "bial eskasiak baldintzatuta dago orain kanpaina"

Lehendakaria, Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Lehendakaria, Legebiltzarrean.
Lehendakaria, Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak aitortu duenez, covid-19aren kontrako borroka "ez da erraza izaten ari eta ez da izango", baina Jaurlaritzak argi ditu zeintzuk diren bere helburuak: batetik, 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 60 kasura (egun  664,13tan dago) jaistea eta txertaketa kanpainarekin jarraitzea. 

Lehendakariak Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, Luis Javier Telleria EAJren legebiltzarkideak kontrolerako saioan egindako galderari erantzunez.

Euskal gizarteak egindako ahalegina txalotu du Urkulluk, eta neurri murriztaileak betetzen jarraitzeko deia egin du.

"Gure helburua da epe laburrean 500 kasuko intzidentzia tasa metatutik jaistea, eta epe luzeagora, 60 kasura bajatzea", nabarmendu du.

Txertaketa ahotan, lehendakariak esan du "oinarrizkoa" dela pandemiaren kontrako borrokan. Dena dela, ohartarazi du "bial eskasiak baldintzatuta" dagoela orain.

"Euskadik bere txertaketa helburuak beteko ditu", azpimarratu du, eta erantsi orain arte 50.000 dosi eman dituztela protokoloak jarraituz. Aitortu du "bi irregulartasun kasu bakarrik" egon direla, eta horren harira, iragarri du Sagarduik Jaurlaritzaren Etika Batzordean egin duela kasuen inguruko kontsulta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak