Gizartea -

KORONABIRUSA

Lehen lerroan ez dauden sanitarioak txertatuko ditu Espainiak AstraZenecaren dosiekin

Bestalde, Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseilua gaur berriro bilduko da, AstraZenecaren txertoa 65 urtetik gorakoei jarri edo ez erabakitzeko.

AstraZenecaren txertoa. Argazkia: EFE.
AstraZenecaren txertoa.
AstraZenecaren txertoa. Argazkia: EFE.

agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AstraZeneca konpainiak Espainiara bidaliko dituen lehen dosiak txertaketa estrategiaren bigarren eta hirugarren taldeetan sartzen ez diren osasun-langileentzat izango dira, hau da, lehen lerroan ari ez direnentzat. Hala erabaki zuen, atzo, erkidego guztietako ordezkariak biltzen dituen Espainiako Gobernuko Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak.

Atzokoan, baina, ez zuten erabaki txerto horiek zein adinetatik aurrera jartzen hasiko diren, eta gaur batzartuko dira, berriro, gai hori aztertzeko. Europako herrialde nagusiek dagoeneko iragarri dute AstraZenecaren txertorik ez dietela jarriko 65 urtetik gora herritarrei, txertoaren eraginkortasuna adinekoengan ez baitago probatuta. 18 eta 55 urte bitartekoekin egin zituzten entsegu klinikoak, eta Medikamentuen Europako Agentziak adin tarte horretarako eman zion oniritzia Oxford Unibertsitateak eta konpainia farmazeutiko britainiarrak elkarlanean ondutako txertoari.

Txerto hori 65 urtetik gorakoei ez jartzea erabaki dute, besteak beste, Alemaniak eta Frantziak. Italiak eta Belgikak, berriz, 55 urteraino jaitsi dute adin muga. Espainiako Gobernuak, bere aldetik, orain arte zehaztu du 80 urtetik gorakoei Pfizer-BioNTech eta Moderna konpainien dosiak jarriko dizkieetela.

Fernando Simon Osasun Larrialdietarako Espainiako Koordinazio Zentroko zuzendariak asteon esan duenez, "oso litekeena" da AstraZenecaren txertoa "gazteagoei" bideratzea Espainian, "baieztapen zientifikoek hala aholkatzen dutelako".

"Egun, esku artean dugun informazioaren arabera, entsegu klinikoak ez dira egin 55 urtetik gorakoekin. Beraz, AstraZenecaren txertoa adin horretatik beherakoei jartzea da zuhurrena", nabarmendu du.

Hilabete honetan, covid-19ari aurre egiteko Europan baimenduta dauden hiru txertoen lau milioi dosi jasoko ditu Espainiako Gobernuak; horiekin, bi milioi herritar txertatzea aurreikusi dute, Espainiako Estatuko herritarren % 4 inguru. Txertaketa kanpaina gorabehera handiekin hasi bada ere, udarako herritarren % 70 immunizatuta egotea espero du Pedro Sanchezen Gobernuak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Europa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea