Gizartea -

Koronabirusa

Ipar Euskal Herria hirugarren itxialdi baten atarian egon daiteke

"Gutxienez hiru asteko" konfinamendu bat berehala ezarri beharko dutela uste dute Frantziako Gobernuko zenbait goi-kargudunek. Emmanuel Macron presidenteak asteazkenean bertan iragarri dezake.

Baiona (Lapurdi). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Baiona (Lapurdi). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Baiona (Lapurdi). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa itxialdi berri baten atarian egon daitezke; izan ere, Frantziako Gobernuak hirugarren konfinamendu bat ezar dezake datozen egunetan. Iragan astean etxeratzeko agindua aurreratzeko erabakia hartu zuten, baina egoera epidemiologikoak hobera egiten ez baldin badu itxialdia martxan jar dezakete, Olivier Veran Osasun ministroak jakitera eman duenez.

Le Journal du Dimanche astekariak igande honetan argitaratu duenez, “gutxienez hiru asteko” konfinamendu bat berehala ezarri beharko dutela uste dute Frantziako Gobernuko zenbait goi-kargudunek. Emmanuel Macron presidenteak asteazkenean bertan iragarri dezake, defentsa kontseilua bildu ondoren.

“Lehendabizi etxeratzeko aginduaren eraginaren inguruko datuak izan nahi ditut. Datorren astean izango ditugu. Behera egiten ez baldin badute, aldaerak zabaltzen hasten baldin badira, neurri gehiago hartuko ditugu, noski. Eta hori itxialdia du izena”, azaldu du Veranek Le Parisien egunkarian.

Beste aukerarik ez badago soilik itxiko dute berriro, Veranek adierazi duenez. Urriaren bukaeran ezarritako konfinamendua, martxokoa baino malguagoa eta ikastetxeak zabalik zirela, eraginkorra izan zen.

“Gure herrialdeak tentsio epidemiko handia bizi du, ospitaleratze baino sendagiri gehiagorekin. Zoritxarrez, 'deja vu' sentsazioa dugu. Etxeratzeko aginduak funtzionatu behar du, aldaera berriei eusteko eta denbora irabazteko balio behar du”, esan du Veranek.

Veran: "Gure herrialdeak tentsio epidemiko handia bizi du, ospitaleratze baino sendagiri gehiagorekin"

Azken asteetan neurri berriak martxan jarri ditu Frantziak, birusari aurrea hartzeko. Egunean batez beste 23.000 positibo berri atzematen ari dira.

Urriaren bukaeratik abenduaren erdialdera herritarrek bigarren itxialdia pairatu ondoren, Exekutiboak 20:00etan etxeratzeko agindua ezarri zuen, eta iragan larunbatean 18:00etara aurreratzeko erabakia hartu zuen, gutxienez bi astez.

Bestalde, igande honetatik aurrera, Frantzian hegazkinez eta ontziz sartzeko, bidaia egin baino 72 ordu lehenago egindako PCR probaren emaitza negatiboa aurkeztu behar izatea inposatu die Gobernuak EBko herritarrei.

Gainera, Atzerri Ministerioak bere webgunean gomendio sorta eman die bidaiariei: herrialdera heldu eta PCR negatiboa aurkeztu ondoren, europarrek zazpi eguneko koarentena egin beharko dute, eta amaieran beste diagnostiko bat egin. Lurretik (errepidez edo trenaz) iristen direnak salbu geratzen dira.

Azken egunean 23.924 positibo berri jakinarazi ditu Frantziak, eta 321 hildako ospitaleetan. Martxotik 72.877 pertsona zendu dira koronabirusarekin.

Positibotasun tasa % 7,1ean kokatu da, eta azken zazpi egunetan 10.915 covid paziente ospitaleratu dituzte. Egun ia 26.000 pertsona daude Frantziako ospitaleetan, horietatik ia 3.000 ZIUn.

Aldi berean, txertaketa kanpainak aurrera jarraitzen du. Horrela, abenduaren 27tik milioi bat pertsona baino gehiagori txertoa jarri diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Paris Frantzia Baiona Maule Donibane Garazi Hendaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Emmanuel Macron Erizaintza Sendagaiak Txertoak Zuberoa Koronabirusa Lapurdi Nafarroa Beherea Anbulatorioak