Gizartea -
GIPUZKOA
Epaileak aske utzi ditu Donostiako istiluetan atxilotutako laurak
Sare sozialetan zabaldutako bideo batean entzun daiteke ertzain batek "jotzeko tiro" egiteko agindua eman zuela. Bederatzi ertzain arin zauritu ziren eta gazte bati masailezurra hautsi zioten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Epaileak aske utzi ditu atzo iluntzean Donostiako Alde Zaharrean gertatutako istiluetan atxilotutako lau pertsonak, deitzen dituztenean epaitegira joan beharko badute ere.
Hainbat gazteren eta Ertzaintzaren artean izandako aurrez aurrekoan, oinezko batek pilotakada bat jasan zuen masailezurrean eta ospitaleratu egin behar zuten. Gainera, zortzi ertzain arin zauritu ziren.
Atxilotuak 18 eta 31 urte bitarteko lau gizonezko dira: 18 urtekoak bi, 21 urteko bat eta 31 urteko beste bat. Laurei desordena publikoak eragitea leporatu diete, eta horietako bati autoritatearen aurkako atentatua ere bai.
Istiluetan ustez parte hartzeagatik atxilotutako lau gazteak Donostiako ertzain etxera eraman zituzten eta gaur goizean Donostiako Guardia Epaitegiaren esku utzi dituzte.
Gainera, Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du ustez istiluetan parte hartu duten pertsona gehiago identifikatzen saiatzeko.
Liskarrak 20:30 inguruan hasi ziren, Segurtasun Sailaren arabera, udaltzainak Trinitate plazan pertsona bat atxilotu nahian ari zirela, pertsona talde batek aurre egin zienean. Orduan, udaltzainek laguntza eskatu zien ertzainei.
Une horretatik aurrera, istiluak izan ziren gazteen eta ertzainen artean. Segurtasun Sailaren arabera, gazteek botilak, estolda tapak eta harriak jaurti zituzten ertzainen aurka.
Aurrez aurrekoek 23:00ak arte iraun zuten. Tarte horretan, edukiotzinak eta paperontziak erre zituzten eta taberna batzuetan kalteak eragin zituzten.
Ertzaina: "Jotzeko egingo dugu tiro"
Sare sozialetan Ertzaintzaren oldarraldiari buruzko hainbat bideo zabaldu dira. Horietako batean ertzain batek "jotzeko tiro" egin dezatela agintzen die agenteei, eta polemika handia piztu da.
Irudietan ikus daitekeenez, Ertzaintzaren talde bat kontrolpean daukaten kale baten barrena doaz eta une batean ofizialak ondoko agindua ematen die: "Jotzeko egingo dugu tiro, bale?".
Ertzaintzak hainbat orduz kargatu zuen Alde Zaharrena eta istiluekin zerikusirik ez zuen gazte bati masailezurra hautsi zioten pilotakadaz. Piztu Donostia elkarteak Poliziaren jokabidea neurrigabea izan zela salatu du eta ondoko galderak egin ditu: "Noiz arte erabiliko ditu Ertzaintzak hilgarriak ez baina larriki zauritzen dituzten arma mota horiek? Aurpegia jotzen duen pilota norantz botata dago?".
(Ertzaintzak pilotakadaz zauritutako gaztea ospitalean. Argazkia: Piztu Donostia)
ErNE sindikatuak Goia kritikatu du banderaren jaitsieragatik
Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Udal Gobernuak eta alderdi politiko ezberdinek atzo izandako istiluak gaitzetsi dituzte. ErNE sindikatuak ere salatu ditu liskarrak, baina, aldi berean, Eneko Goia alkateari kritika egin dio, San Sebastian Egunean banderara jaitsiera sinbolikoa egitegatik.
Bestalde, Reyes Carrere EH Bilduko hautetsi donostiarrak esan du Ertzaintzaren jokabidea "neurrigabea" izan zela eta Goiak San Sebastian Egunaren harira egindako kudeaketa kritikatu du. Banderaren igoera eta jaitsiera egitea alde bakarrez erabaki zuela eta ekimen horrek herritarrak nahastu zituela: "Festarik ez badago, ez dago festarik".
Pandemiak iraun duen hamar hilabeteotan horrelakorik ez dela beste inon egin gogoratu du.
Donostiako udaletxean EAJk, PSEk eta PPk adierazpen bat sinatu dute istiluak gaitzetsiz eta bozketa datorren astean egingo dute. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek oraingoz behintzat uko egin diote adierazpen hori babesteari.
Eneko Goia alkateak esan du atzoko gertakariak "tristeak eta deitoragarriak" izan zirela, pertsona batzuek "festa" egin nahi izan zutelako. Eta ondoren izan ziren istiluek dena larriagotzea ekarri zuela salatu du.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak ere gaitzetsi ditu istiluak eta esan du "onartezina" dela Donostiako Udaltzaingoa eta Ertzaintza jasaten ari diren "jazarpena eta erasoak".
ErNE sindikatuak, berriz, Udal Gobernua ere kritikatu du eta, sinbolikoki izan bazen ere, banderaren igoera eta jaitsiera antolatuta, herritarrak Konstituzio plazara bertaratzeko "zeharkako deia" egin zuela iritzita.
Halaber, udaltzainek "betikoengandik eraso bortitzak" jasotzen dituztela salatu du.