Gizartea -

Gipuzkoa

Lau pertsona atxilotu dituzte Donostiako Alde Zaharrean izan diren istiluetan

Istiluak Konstituzio plazan hasi dira, San Sebastian egunari amaiera emateko bandera jaitsi baino minutu batzuk lehenago.

Ertzaintzako agentea Donostiako Alde Zaharrean. Argazkia: EFE
Ertzaintzako agentea Donostiako Alde Zaharrean.
Ertzaintzako agentea Donostiako Alde Zaharrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau pertsona atxilotu dituzte bart Donostiako Alde Zaharrean hainbat gazteren eta Ertzaintzaren artean izan diren istiluetan. Ertzaintzak gazteen aurka kargatu du eta istiluetan zortzi ertzain arin zauritu dira. Gainera, istiluetan parte hartzen ari ez zen oinezko batek kolpea hartu masailezurrean eta ospitaleratu egin dute.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, liskarrak 20:15 inguruan hasi ziren Konstituzio plazan, hainbat gazteren eta udaltzainen artean, Eneko Goia alkateak bandera jaitsita San Sebastian egunari amaiera ematea aurreikusita zegoen ordua baino minutu batzuk lehenago.  

Antza denez, San Sebastian egunaren harira jende pilaketak izan ziren Donostiako Alde Zaharrean eta udaltzainak Trinitate plazan pertsona bat atxilotu nahian ari zirela, pertsona talde batek aurre egin zien. Hori dela eta, udaltzainek laguntza eskatu zien ertzainei.

Une horretatik aurrera, istiluak izan ziren gazteen eta ertzainen artean. Segurtasun Sailaren arabera, gazteek botilak, estolda tapak eta harriak jaurti zituzten ertzainen aurka.

Istiluen ondorioz, zortzi ertzain arin zauritu ziren. Zortzi ertzainetako zazpi lekuan bertan artatu zituzten eta zortzigarren bat ospitalera eraman zuten zauriak sendatzera.

Aurrez aurrekoek 23:00ak arte iraun zuten. Tarte horretan, edukiotzinak eta paperontziak erre zituzten eta taberna batzuetan kalteak eragin zituzten.

Segurtasun Sailak gaur goizean eguneratutako balantzearen arabera, guztira lau pertsona atxilotu zituzten: 18 urtekoak bi, 21 urteko bat eta 31 urteko beste bat. Istiluetan ustez parte hartzeagatik atxilotutako lau gazteak gaur goizean eraman dituzte epailearen aurrera.

Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du ustez istiluetan parte hartu duten pertsona gehiago identifikatzen saiatzeko.

    

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Danborrada Donostia Ertzaintza Gipuzkoa Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Donostiako Alde Zaharra Koronabirusaren olatua gaur Zer ezin daiteke egin Euskal Herrian?