Gizartea -
Koronabirusa
Arabako Aldundiak ez du kutsatze asko dauden egoitza pribatuetan esku hartuko
EH Bilduk egindako proposamena atzera bota dute asteazken honetan EAJk, PSE-EEk eta PPk. Elkarrekin Araba, aldiz, alde agertu da.
L.Z. | EiTB MEDIA
Covid-19 kasu positibo asko dauden erresidentzia eta etxebizitza pribatuetan Foru Aldundiak esku hartzea eskatu du EH Bildu koalizioak Arabako Batzar Nagusietan, baina gainerako alderdiek, Elkarrekin Arabak salbu, atzera bota dute proposamena asteazken honetan.
Hain zuzen ere, EAJ, PSE-EE eta PP alderdien kontrako botoak jaso ditu proposamen horrek, eta koalizio abertzaleak eta Elkarrekin Arabak soilik babestu dute.
Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak beharrezkotzat jo du Aldundiaren esku hartzea, "covid-19 agerraldien aurrean, zenbait zentro pribatuk ezin diotelako pertsona nagusien zaintzari aurre egin". Halaber, ikuskatze gehiago eskatu ditu zahar-egoitza pribatuetan.
Venceslaok adierazi du Zadorrako zentroarekin ez dela nahikoa Araban izan diren covid-19 agerraldiei aurre egiteko, eta nabarmendu du orain arte egindako ikuskapenetan argi geratu dela zentro horiek osasun neurri, higiene eta langile falta dutela. Gainera, langileek duten lan karga handiaz hitz egin du: "Horrek zaildu egiten du zahar-etxeetako egoiliarrei behar duten arreta ematea".
Damian Garcia Elkarrekin Araba taldeko ordezkaria bat etorri da horretan. Haren esanetan, erresidentzia pribatuetako kudeaketa arazoek "txartu" egiten dute pertsona nagusien arreta.