Gizartea -

KORONABIRUSA

Foruzaingoak 60 arau-hauste salatu ditu eta lau festetan esku hartu du Erregeetan

Foruzaingoak jakinarazi duenez, lau jaietako batean 38 pertsona zeuden.

Nafarroako Udaltzaingoaren patruila. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Nafarroako Udaltzaingoaren patruila.
Nafarroako Udaltzaingoaren patruila. EITBren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Foruzaingoak 60 salaketa jarri ditu Errege gauean eta urtarrilaren 6an, covid-19arekin lotutako balizko arau-hauste sanitarioengatik. Horien artean, modu irregularrean ospatzen ari ziren lau festa daude, horietako bat 38 pertsonarekin.

Jakinarazi dutenez, 60 salaketetatik 18 maskara ez erabiltzeagatik jarri dira, 17 etxeratze-agindua ez betetzeagatik eta 16 konfinamendu perimetrala ez errespetatzeagatik.

Tafallako Foruzaingoaren patruilek Azkoiengo taberna batean esku hartu zuten atzo gauean, urtarrilaren 6an, herriko udaltzaingoak eskatuta, auzotarrek festa bat egiten ari zirela salatu ostean.

Bertara iritsi zirenean, atea itxita zegoela ikusi zuten, baina musika entzuten zen eta argiak ikusten ziren. Lokalera sartzea lortu zutenean 33 pertsona identifikatu zituzten, baimendutako edukiera baino 12 gehiago.

Lokala hustu egin zuten, eta identifikatuetako bat atxilotu zuten espetxean sartzeko agindu judizial bat zuelako. Bi pertsona salatu zituzten maskara ez erabiltzeagatik eta beste bi, Nafarroako konfinamendu perimetrala hausteagatik.

Barasoainen ere gehiegizko edukiera zuten herritarren errekerimenduak egon ziren. Ertzainek 38 lagun aurkitu zituzten taberna baten barruan, eta beste 25 terrazan, zortzitik gorako taldeetan, eta, kasu batzuetan, maskara jantzi eta distantzia gorde gabe. Horregatik, establezimenduaren titularra proposatuko da zigorra jartzeko.

Olite, Tafalla, Iruñea, Ituren, Altsasu eta Iturmendi herrietan zazpi arau-hauste sanitario artatzeko patruilak mobilizatu ziren Errege gauean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Albisteak Medikuntza albisteak Altsasu Erriberri Azkoien Foruzaingoa Koronabirusa Isunak Maskarak koronabirusa