Gizartea -
Koronabirusa
Zubia: "Euskal Herrian 4.000.000 dosi behar dira talde-immunitatea lortzeko"
Donostia Ospitaleko medikuak Euskadi Irratian azaldu duenez, gaur pandemiarekin amaitzeko "urrats txikia" eman da. Egonkortze tarte batean gaude, baina datuak altuak dira oraindik.
EITB Media
Covid-19ari aurre egiteko txertoa Euskal Herrira iritsi da jada, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Gasteizko Ajuria zahar-etxean, Elorrioko laguntza zentroan eta Hondarribiko Caser Betharram zahar-etxean hasi du covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina. Nafarroan, berriz, Iruñeko El Vergel egoitzan ekin diote txertaketari.
Ildo horretatik, Felix Zubia Donostia Ospitaleko zainketa intentsiboetako unitateko medikuak txertaketa kanpainari buruzko argipenak eman ditu igande honetan Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Bere esanetan, Euskal Herrian 4.000.000 dosi behar dira gaitzaren aurkako talde-immunitatea lortzeko; izan ere, herritarren % 60k edo % 70ek hartu beharko lukete txertoa, guztira 2.000.000 herritar inguruk, eta gogoan izan behar da pertsona bakoitzak bi dosi hartu behar dituela, hiru asteko tartearekin.
Txertoari esker, gaur pandemiarekin amaitzeko "urrats txikia" eman dela nabarmendu du medikuak. Une honetan, egonkortze tarte batean gaude, baina datuak altuak dira oraindik; 300 kasu inguru 100.000 biztanleko eta 15 eguneko. Gaitza kontrolpean izateko gomendatutakoa baino sei aldiz handiagoa da kopuru hori, eta joan den astean 100 heriotza baino gehiago izan ziren Hego Euskal Herrian.
Zubiak azaldu duenez, Gabonetan izandako kutsatzeak bi asteren buruan izango dute isla ospitaleetan. Izan ere, kasuak 5-7 egunetara igoko lirateke, eta okertzea 15 egunetara gertatzen denez, ospitaleratzeak bi aste barru hasiko lirateke nabarmentzen. Hortaz, hemendik hiruzpalau egunetara atzemango dugu egun hauetako bileren ondorioz kasuak asko igo diren edo ez.
Donostia Ospitaleko medikuak nabarmendu duenez, txerto guztiek dute helburu bera; defentsak sortzea. Arriskutsua ez den gaitzaren zatitxo bat erabiltzen da horretarako. Ondorioz, birusa hiltzeko gai izango liratekeen antigorputzak eta zelulak sortzen ditu gorputzak. Horrela, noizbait kutsatuko bagina defentsak sortuta egongo lirateke, eta gorputzak ez luke birusa garatzen utziko edo ez luke gorputzean sartzen utziko, hori oraindik argitu gabe dago.
Testuinguru horretan, egoiliarrak zaurgarriagoak direlako eta gaitzak haiei gogorrago erasaten dielako erabaki da txertaketa kanpaina zahar-etxeetan hastea. Izan ere, birusa zahar-etxeetan sartzen denean oso zaila izaten da egoera kontrolatzea, gaitza oso azkar zabaltzen delako. Gainera, pertsona hauen hilkortasun-tasa oso altua da.