Gizartea -
KORONABIRUSA
Ipar Euskal Herrian urtarrilaren 4an hasiko dira txertoa jartzen
Frantziako Gobernuak atzo jaso zituen 19.500 dosi, eta Parisko Ospitaletako farmazia nagusiaren biltegian daude gordeta.
EITB MEDIA
Ipar Euskal Herriko biztanleek astebete itxaron beharko dute txertoa hartzen hasteko. Frantziako Gobernuak egindako plangintzaren arabera, urtarrilaren 4an ekingo diote txertaketa kanpainari, Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko zahar-egoitzetan.
Atzo jaso zituen Frantziak Pfizer eta BioNTech farmazeutikek garatutako txertoaren 19.500 dosi, eta Parisko Ospitaletako farmazia nagusiaren biltegian daude gordeta. Gaur hasiko dira txertoa jartzen, eta lehendabizikoak Sevranen eta Dijonen dauden egoitzetako egoiliarrei jarriko dizkiete.
Ipar Euskal Herriari dagozkion txertoak Baionako Ospitaleko hozkailuan egongo dira gordeta, txertaketa hasi arte.
Hego Euskal Herrian, gaur
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, gaur hasiko da txertaketa. Igande honetan bertan, hilak 27, txertatuko dituzte lurralde bakoitzeko lau zahar-etxetako egoiliarrak. Hala, zentro horietan jarriko dituzte Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) iritsiko diren lehen 405 txertoak eta Nafarroak jasoko dituen 155 dosiak.
EAEren kasuan, lehen txertoak hiru lurraldeetan jarriko dira aldi berean: Gasteizko Ajuria zahar-etxean (Araba), Elorrio Laguntza Zentroa-GUFE egoitzan (Bizkaia) eta Hondarribiko Caser Betharram zahar-etxean (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan jakinarazi duenez, EAEko zentro soziosanitario horietan jarriko dituzte koronabirusaren aurkako lehen txertoak.
Hala, lehen dosiak goizeko lehen orduan, 09:30 aldera, iritsiko dira Osakidetzaren zentro batera, eta 11:00ak aldera jarriko zaie txertoa lehen egoiliarrei eta osasun langileei.
Igandeko lehen 405 txerto horietatik aurrera, astelehenero 16.000 dosi iritsiko dira, EAEri esleitutako 193.050 dosiak osatu arte.
Nafarroan, bestalde, Iruñeko El Vergel egoitzan jarriko dituzte covid-19aren aurkako lehen txertoak. Arlo soziosanitarioko egoiliarrak eta langileak, 13.000 pertsona inguru, dira lehen txertaketa-etapa honetan lehentasuna dutenak.