Gizartea -

Koronabirusa

Beste 76 hildako izan dira EAEn covid-19aren ondorioz

Atzo 8.234 proba egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 450ek emaitza positiboa eman zuten covid-19an. Nafarroan, positibo tasa % 8,1era igo da.

Osasun langile bat, ospitale batean. Argazkia: EFE
Osasun langile bat, ospitale batean.
Abenduaren lehen astean 76 pertsona hil dira koronabirusarekin Euskadin

1:25

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko asteko 81 heriotzetatik 76 izatera igaro gara Euskadin, eta positibo tasa % 5,5ean egon da azken orduetan, astelehenean baino hamarren bat gutxiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren bilakaeraren berri eman du. 8.234 test diagnostiko egin zituzten asteartean, eta 450 pertsonak eman zuten positibo (% 5,5).

Gainera, Osasun Sailak jakitera eman duenez, azaroaren 30etik igandera bitartean 76 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz. Kopuru hori azken asteetako txikiena da; izan ere, aurreko astean 81 heriotza izan ziren, eta aurreko bi asteetan bigarren oldeko errekorrak hautsi eta 83 eta 97 hildako egon ziren, hurrenez hurren.

Asistentzia presioa egonkor mantendu da. Astelehenean 512 gaixo zeuden ospitaleratuta eta asteartean 513. Horietatik, 388 gela arruntetan zeuden (aurreko egunean baino lau gehiago) eta 125 ZIUn (hiru gutxiago). Eguneko sarrerak nabarmen jaitsi ziren, atzo jaieguna zelako ziurrenik, asteleheneko 59 sarreretatik astearteko 38 sarreretara.

14 egunean 100.000 biztanleko metatutako intzidentzia tasak beheranzko joerari jarraitzen dio, eta Euskadi osoan 327,2 kasu izan dira (astelehenean 338,3 izan ziren), Arabak bere tasa 346 kasutara igo arren. Bizkaian 277,2ra jaitsi da eta Gipuzkoan 387,3ra.

Oinarrizko ugalketa kopuruak, gaixo batek zenbat pertsona kutsatu ditzakeen adierazten duenak, behera egin du apur bat, 0,89raino (aurreko egunean 0,90ean zegoen). Araban lau egunez jarraian 1etik gora egon ostean, jaitsi eta 0,99an dago orain.

450 kutsatze berrietatik 227 Bizkaian atzeman ziren, 143 Gipuzkoan, 73 Araban eta zazpi autonomia erkidegotik kanpo bizi ziren pertsonen artean.

EAEko herrietan egoera epidemiologikoak oso egonkor jarraitzen du, eta astearte honetan, aurreko egunean bezala, bost baino ez zeuden eremu gorrian: Arrigorriaga eta Ermua Bizkaian, eta Arrasate, Eibar eta Ordizia Gipuzkoan.

Ikastetxeei dagokienez, ez dago jarduera presentzial osoa etenda duen ikastetxerik, eta 65 ikastetxetan (aurreko ostiralean baino bat gehiago) 148 gela daude itxita (22 gehiago).

Nafarroa

Heriotza bat izan da covid-19aren ondorioz, eta 1.057 proba (816 PCR eta 241 antigeno test) egin ostean 86 kasu positibo berri atzeman dira, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak emandako datuen arabera. Positibo tasa, beraz, % 8,1ekoa da.

Pandemiaren bilakaera ikuspegi epimiologikotik aztertuz gero, atzo beste lau ospitaleratze izan ziren, horietako bat ZIUn.

Bestalde, aurreko egunetan 96 urteko gizon bat hil zela jakinarazi zuten atzo, eta guztira 912 pertsona hil direla baieztatu dute.

Eskualdeka, Iruñean eta eskualdean izan dira positiboen % 59, Lizarraldean % 16 eta Tuteran % 12. Gainerako positiboak (% 13) Nafarroako beste leku batzuetan eman dira.

Osasun sistema publikoko profesionalei dagokienez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, gaur egun 66 positibo aktibo daude eta azken astean 27 kutsatu berri izan dira. Ia 13.000 profesionalek osatzen dute lantaldea.

Positibo berrien batez besteko adina 39 urtekoa da, eta generoari dagokionez, kasuen % 42 emakumezkoak dira eta beste % 58 gizonezkoak.

Ospitaleko okupazioari begira, 159 pertsona daude ospitaleratuta covid-19aren ondorioz (atzo baino bat gehiago); horietatik 26 ZIUan daude (atzo baino bat gehiago) eta beste 15 etxeko ospitaleratzean (atzo bezala). Gainerakoak, 118 paziente, gela arruntetan daude.

Santos Indurain Osasun sailburuaren hitzetan, "duela hilabete sinatuko genituen datuak dira, egunean 500 positibo baino gehiago genituen hartan, eta ospitaleetan eta ZIUn ospitaleratutakoen bikoitza baino gehiago genuenean". Hala ere, zuhurtasunerako eta erantzukizunerako deia egin du berriro, eta "ikuspegi zabalagoa" izatekoa.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 40.401 kasukoa da Nafarroan.

Covid-19a zuen egoiliar bat hil da Araban, ospitaleratze batean

Azken egunetan, Roure egoitza pribatuko egoiliarra zen pertsona bat hil da, ospitalean. Pandemiaren bigarren olatu honetan, covid-19a zuten 30 egoiliar hil dira.Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak ezagutzera eman du lurraldeko egoitzetako datuen azken eguneratzea. Guztira 38 kasu positibo izan dira egoiliarren artean, zehazki, aldundiaren foru egoitza hauetan: Zadorran (bi positibo) eta Ajurian (hiru). San Francisco Javier etxebizitza komunitario pribatuan ere izan da kasuren bat (bat), baita egoitza pribatu hauetan ere: Alto del Prado-Caserren (24), IMQ Igurcon (zazpi) eta Iekora udalerriko Yecoran (bat).Beste bi egoitza birusetik aske gelditu dira: Sallurtegi foru egoitza (Agurain) eta Roure egoitza. Diputatu nagusiak gogorarazi du pandemiaren bigarren fase honetan 205 egoiliar sendatu direla.Horrez gain, lurraldeko egoitzetako langileetako 42 bajan daude une honetan, bai kasu positiboak direlako, bai kutsatuekin harreman estua izatearen ondorioz berrogeialdian daudelako.

Bestalde, Gipuzkoako egoitzetan beste zortzi positibo izan dira azken orduetan, baina ez da heriotzarik izan, Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Halaber, sei adineko sendatu dira eta une honetan 162 pertsona daude koronabirusarekin.

Kasu berriak Donostiako Hermano Garate-San Ignacio zahar-etxean (1) eta Aretxabaletako Debagoiena zentroan (7) detektatu dituzte.

Egun, 102 adineko daude Eibarko ospitalean eta Ordiziako San Jose zentroa ingresatuta.  

Pandemiaren bigarren olatuan 99 egoiliar hil dira eta 365 sendatu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea