Gizartea -

Koronabirusa

Euskadik 81 heriotza atzeman ditu azken astean, COVID-19aren ondorioz

EAEn 564 kutsatze erregistratu dituzte eta positibotasun tasa % 6,3ra igo da. Nafarroan 62 kasu zenbatu dituzte, abuztuaz geroztik izan den daturik baxuena eta positibotasun tasa % 3,5ekoa izan da.

Osasun langile bat Nafarroako Klinika Unibertsitateko ZIU gela batean. Argazkia: EFE
Osasun langile bat Nafarroako Klinika Unibertsitateko ZIU gela batean.
Osasun langile bat Nafarroako Klinika Unibertsitateko ZIU gela batean. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren pandemiak 81 hildako eragin ditu azken astean Euskadin, aurreko astean baino 16 gutxiago, baina positibotasun tasa % 5,6tik % 6,3ra igo da, 564 kasu diagnostikatu baitituzte astearte honetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren bilakaeraren berri eman du astearte honetako datuekin; izan ere, egun horretan bezperan baino 78 kutsatze gehiago izan ziren, eta 300 proba diagnostiko gutxiago egin ziren.Astearte honetan, 100.000 biztanleko intzidentzia-tasak behera egin du 14 egunetan: 421,29ko intzidentzia metatua zegoen, aurreko egunean 443,51 izan zen bitartean.

Oinarrizko ugalketa kopuruak ere gora egin du apur bat, R0k gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du, eta 0,87an dago, aurreko datuan baino bi hamarren gehiago.

Eusko Jaurlaritzak azaroaren 23tik 29ra bitartean COVIDen ondorioz hildakoen berri ere eman du. 81 izan ziren, eta, beraz, aurreko bi asteetako goranzko joera hautsi egin zen, heriotzen errekorra ezarri baitzuten bigarren boladan, 83 eta 97 hildakorekin, hurrenez hurren.

Asistentzia-presioa arintzen ari da; izan ere, 491 paziente daude ospitaleratuta EAEko ospitaleetan, aurreko egunean baino 11 gutxiago. 362 gela arruntetan daude (bederatzi gutxiago) eta 129 zanketa intentsiboetako unitateetan (2 gutxiago). Halaber, asteleheneko 42tik astearte honetako 41era jaitsi da eguneko ospitaleratzeen kopurua.

564 kutsaduretatik 257 Bizkaian diagnostikatu zituzten (astelehenean baino 35 gehiago), 195 Gipuzkoan (bederatzi gutxiago) eta 101 Araban (30 gehiago). Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren beste 11 pertsonak positibo eman zuten, bezperan baino lau gehiagok.

Eguneroko datu horiekin, intzidentzia-tasa metatua Bizkaian 352,7 kasu izan da 100.000 biztanleko, 368 Araban eta 538,2 Gipuzkoan.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Araban ez dago udalerririk eremu gorrian; Bizkaian, berriz, bi daude, Ermua eta Ondarroa, intzidentzia-tasa Zallako eta Arrigorriagan behera egin ondoren.

Bestalde, Gipuzkoa da 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 positibotik gora dauden herri gehien dituen lurraldea. 14 udalerri ditu, aurreko egunean baino 1 gehiago, Usurbil batu baitzen. Nabarmentzekoa da Arrasateko intzidentzia, tasa 1.000 kasutik gorakoa baita eta 1.532an baitago.

Asteroko buletina bihar, osteguna, 16:30ean argitaratuko da, eta bihar Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrolerako Programaren koordinatzaileak aztertuko du, prentsaurrekoan.

Bizkaiko adinekoen egoitzetan 120 kasu positibo daude erabiltzaileen artean, 12 egoitzatan banatuta, eta 104 kasu positibo langileen artean, Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuaren eskura dagoen informazioaren arabera.

Ikastetxeei dagokienez, ez dago jarduera presentzial guztia etenda duenik. Euskadi osoan 113 ikasgela daude itxita, asteartean baino bat gutxiago, 60 ikastetxetatik bat gutxiago.

Foru Erkidegoko egoera

COVID-19k eragindako heriotzak 49tik 31ra jaitsi dira Nafarroan azken astean. Gainera, Foru Erkidegoak 65 positibo berri atzeman ditu astearte honetan, COVID-19aren ondorioz, abuztuaren 17tik izandako daturik baxuena, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.

Asteartean 1752 proba diagnostiko egin dituzte, eta horietatik % 3,7 positiboak izan dira. Horrenbestez, bezperan bezala, positibotasun tasa Munduko Osasun Erakundeak (MOE) gomendatutako mailaren  (% 5) azpitik dago. Laugarren egunez jarraian, 100eko langatik behera kokatu da kutsatu berrien kopurua.

Pandemiaren eboluzioaren ikuspegi epidemiologikotik, gaixotasun horrekin lotutako sei ospitaleratze berri izan ziren atzo Foru Erkidegoan, bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan. Atzo ez zen COVID-19arekin lotutako heriotzarik izan, eta aurreko egunetan ere ez zen hildakorik jakinarazi. Ondorioz, 886 pertsona hil dira orain arte.

Iruñean eta Eskualdean positiboen % 55 erregistratu dituzte, Tuteran % 19 eta Lizarran kasuen % 11. Gainerako positiboak (% 15) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri eta guneei dagokienez, bakar batek ere ez du 10 positibo baino gehiago atzeman. Zizur Nagusian bost kutsatze atzeman dituzte, eta launa, Iruñeko Arrotxapean eta II. Zabalgunean, eta Cortes eta Lizarra herrietan. Tutera Ekialdean eta Mutiloan, hiruna positibo zenbatu dituzte. 

Adin-tarteen araberako kasu berrien banaketari dagokionez, gehienak 45 eta 59 urte artekoak dira (% 29), eta 30 eta 44 urte artekoak eta 60 eta 75 urte artekoak (% 21). Ondoren, 15 eta 29 urte artekoak daude (kasuen % 15), eta 75 urtetik gorakoak (kasuen % 8). Azkenik, 15 urtetik beherakoen taldea, kasuen % 6rekin. Kasu berrien batez besteko adina 45,6 urtekoa da.

Generoari dagokionez, kasuen % 55 emakumeak dira eta beste % 45 gizonak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (SNS-O) jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 171 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino bi gutxiago); horietatik 31 zainketa intentsiboetako postuetan daude (atzo baino bi gutxiago) eta beste 11 etxeko ospitaleratzean (atzo baino hiru gutxiago). Gainerakoak, 129 paziente, gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 39.802 kasu dira Nafarroan.

Asteko txosten epidemiologikoa: % 14 jaitsi dira kasu berriak

Azaroaren 23tik 29ra bitarteko asteari buruzkoan, 834 kasu baieztatu dituzte PCR proba edo antigeno test bidez (126 100.000 biztanleko), aurreko astearen aldean % 14ko jaitsierarekin. Kasu berri horien % 65 sintomatikoak ziren eta % 77 baieztatutako beste kasu batzuen kontaktuak.

Etxean gehien transmititzen den eremua da oraindik ere (% 44), eta, ondoren, infekzioaren jatorria ezagutzen ez dutenak daude (% 22), baina biek ala biek nabarmen egin dute behera. 'Besteak' kategorian, berriz, % 29 egin du gora, gizarte harremanak eta elkarrekin bizi ez diren senitartekoak barne. Eskola-eremua kutsatzeen % 7,5ekin lotu zen, eta lan-eremua, berriz, % 3,7rekin.

Kasu berrien kopuruak behera egin du adin-talde guztietan, 5 eta 14 urte bitarteko haurretan izan ezik (% 8). Hobekuntzarik nabarmenenak adineko pertsonengan ikusten dira.

Ospitaleratzeak eta heriotzak jaitsi egiten dira

Azaroaren 23tik 29ra, 59 ospitaleratze izan ziren COVID-19aren ondorioz, eta 82, berriz, aurreko astean, % 28ko jaitsierarekin. COVID-19ari egotz dakizkiokeen zainketa intentsiboetako unitateetan sartutakoak 5etik 12ra igo dira, eta COVID-19aren ondoriozko heriotzak 49tik 31ra jaitsi dira.

Maiatzaren 11tik baieztatutako kasuen artean, % 6,4k ospitaleratzea behar izan zuten, milatik zazpi zainketa intentsiboetako unitatean sartu ziren eta milatik 12,6 COVID-19aren ondorioz hil ziren. Maiatzaren 11az geroztik baieztatutako COVID-19 kasuen artean ospitaleratzeko arriskua nabarmena da (% 1,5) 5 urtetik beherakoen artean, behera egiten du 5 eta 14 urte bitarteko haurren artean, eta gora egiten du pixkanaka hurrengo adin-taldeetan. 65 urtetik aurrera, ospitaleratutakoen proportzioa % 18koa izan zen, eta 85 urtetik aurrera, berriz, % 29koa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea