Gizartea -
Koronabirusa
Positiboek behera egin dute EAEn eta ehunetik behera mantentzen dira Nafarroan
Euskadik 435 kutsatze atzeman ditu eta Nafarroak 83. Positibotasun tasa igo egin da bi erkidegoetan, % 6,7ra eta % 8,5era, hurrenez hurren.
EITB.EUS
Igandean positibotasun tasak nabarmen egin du gora EAEn eta Nafarroan, eta test diagnostiko gutxiago egin dira, emaitza desberdinekin.
Hala, Euskadin 435 kutsatu berri atzeman dituzte igande honetan, hau da, aurreko egunean baino 77 gutxiago, eta jasotako kopururik txikiena urriaren erdialdetik.
Egindako probekin alderatuta, positiboen tasa % 6,7 igo da azken orduetan, aurreko hiru egunetan % 5,5 ingurukoa izan ostean.
Osasun Sailak astelehen honetan jakitera eman dituen datuen arabera, 100.000 biztanleko intzidentzia-tasak behera egin du pixkanaka 14 egunetan. Larunbatean, tasa hori 500 kasutik behera jaitsi zen Euskadin, transmisio-gune gorria deiturikoa, lehen aldiz urriaren 24tik, eta 481,03an kokatu zen; igandean, berriz, 464,3ra jaitsi da.
Hala ere, Gipuzkoak, beheranzko joera txiki batean bada ere, zerrenda gorri hori gainditzen jarraitzen du, eta intzidentzia 606,39 kasukoa da; beste bi lurraldeetan, ordea, jaitsiera azkarrago doa eta 400 kasutik behera dago, zehazki, 397,3 Araban eta 383,7 Bizkaian.
Kutsatu berrien kopuruak ere behera egiten jarraitzen du azken egunetan, ostiraleko 618etatik eta larunbateko 511etatik igandeko 435etara igaro baita; egun horretan, ordea, 2.801 proba diagnostiko gutxiago egin ziren datorren egunean baino, 6.467 guztira.
Kutsatze guztietatik, kopuru handiena Bizkaian zenbatu zen, 206 (aurreko datua baino 11 gutxiago). Gipuzkoan 177 izan ziren (32 gutxiago) eta Araban 45 (36 gutxiago). Gainerakoak, zazpi, Euskaditik kanpo bizi dira eta EAEn egindako probetan positibo eman dute.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen zehazten duen oinarrizko ugalketa-indizeak 1etik behera jarraitzen duen arren, igandean apur bat gora egin zuen, 0,83an kokatzeraino, zenbait egunez 0,80tik behera egon ostean.
Ospitaleratutako pazienteen bilakaeran, halaber, EAEko ospitaleetan dauden gaixoen kopuruak gora egin du pixka bat: 544 guztira, larunbatean 537 izan ziren eta ostiralean 528.
Zainketa intentsiboetako unitateetan (136 paziente; aurreko egunean, 132; eta ostiralean, 130) pazienteen kopuruak gora egin du; hala ere, gela arruntetako ospitaleratze berriek, 24k, behera egin dute, ohi bezala; izan ere, igandeetan ospitaleratzen dira gaixo gutxien.
Pandemiaren udal-egoerak joera positiboa izaten jarraitzen du; izan ere, joan den ostiralean 29 udalerritan (7 Bizkaian eta 22 Gipuzkoan) 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako tasak pilatu zituztela jakinarazi zuten, baina astelehen honetan kopuru hori 18ra jaitsi da erkidego osoan.
Bizkaian, Bilbo zerrendatik atera da eta hiru baino ez dira geratzen: Ermua, Ondarroa eta Zalla, eta Gipuzkoan 15: Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Irun, Ordizia, Orio eta Tolosa.
Duela bi aste, 63 udalerri zeuden pilatutako 500 kutsaduretatik gora.
Ikastetxeei dagokienez, aurreko astean bezala, Iruraiz-Gaunako (Araba) Geroa Waldorf Eskolako jarduera presentzialak etenda jarraitzen du. Gainera, astelehen honetan 100 ikasgela itxi dituzte COVID-19aren ondorioz (aurreko ostiralean baino hamar gutxiago), Euskal Autonomia Erkidegoko 63 ikastetxetan (aurreko egunean baino sei gutxiago).
Foru Erkidegoko egoera
Bigarren egunez jarraian, 100 kasuren azpitik daude positiboak Nafarroan. Zehazki, 83 kutsatze berri atzeman dituzte, atzo egindako 976 diagnostiko probetan, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Larunbateko (66 positibo) datuekin alderatuta, kasuen igoera txikia izan da, baina positibotasun tasa asko igo da, larunbateko % 4,8tik igandeko % 8,5era.
Iruñean eta Eskualdean positiboen % 65 erregistratu dira, Lizarran % 19 eta Tuteran kasuen % 8. Gainerako positiboak (% 8) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Datuak eskualdez eskualde aztertuta, Iruñeko Arrotxapea auzoa da inguru kaltetuena 10 kasu atzeman baitituzte bertan, eta Lizarran eta Donibanen bosna positibo zenbatu dituzte. Honakoak falta dira kasu gehien pilatzen dituztenen bost udalerri edo guneren zerrenda osatzeko: Iruñeko II. Zabalgunea eta Iturrama auzoak eta Lodosa (launa kasu atzeman dituzte).
Larunbatean, gaixotasun horrekin lotutako zazpi ospitaleratze berri izan ziren Foru Erkidegoan, horietako bat zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 78 urteko gizonezko bat hil zen. Gainera, aurreko egunetako beste bi heriotza gehiago izan direla jakinarazi dute, 92 eta 97 urteko gizonezko bat eta emakumezko bat, hurrenez hurren.
Nafarroan 873 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.
Adin-tarteen araberako kasu berrien banaketari dagokionez, talde nagusiak 0-14 urte bitartekoak (% 28) eta 45 eta 59 urte artekoak (% 27) dira. Ondoren daude 15 eta 29 urtekoak (% 16) eta 60-75 urtekoak ( 14). 30-44 urteko adin-tartea % 13 izan zen, hurrenez hurren. 70 urte baino gehiagorekin, positiboen % 2 izan ziren. Kasu berrien batez besteko adina 35,8 urtekoa da.
Generoari dagokionez, kasuen % 51 emakumeak dira eta beste % 49 gizonak.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 175 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 5 gutxiago); horietatik 35 zainketa intentsiboetako postuetan daude (atzo baino bi gutxiago), eta beste 15 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gehiago). Gainerakoak, 125 paziente,grla arruntetan daude.