Gizartea -

Koronabirusa

Jaurlaritzak murrizketa gehiago iragarriko ditu gaur arratsaldean

eitb.eus-ek zuzenean streaming bidez eskainiko du Jaurlaritzaren agerraldia.

LABIren aurreko bilera baten argazkia. EFE
LABIren aurreko bilera baten argazkia
Adituen iritziak jaso ostean, arratsaldean bilduko da LABIren aholku batzordea

1:35

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak deituta, arratsaldean egingo dute LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordearen bilera. Koronabirusak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen bilakaera dela-eta, neurri murriztaile gehiago hartu behar ote diren aztertuko dute batzarrean. Goizean, murrizketa berriak ezartzeko aukeraz galdetuta, Osasun sailburuak eta lehendakariak ez dute ezer aurreratu nahi izan.

eitb.eus-ek zuzenean streaming bidez eskainiko du bileraren osteko agerraldia.

Atzo, alarma egoera ahalbidetzen duen Errege-dekretua aldatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko, "beharrezkoa izango balitz" eta betiere pandemiaren bilakaera kontuan hartuta. Osasun Ministerioak Jaurlaritzari erantzun zion esanez eskaria aztertuko zuela, baina Illak berretsi zuen orain arte hartutako neurrien eraginkortasuna konprobatzeko zientzialariek emandako epea kontuan hartu behar dela.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak arratsaldean egingo duen bileran egoera aztertuko dute, eta horren ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak "eztabaidarako testu bat aurkeztuko du eta administrazio ezberdinen arduradunek euren iritzia emango dute".

Zupiriaren arabera, "ez da beti erraza izaten leku itxietan aireztapen egokia lortzea, baina zientziarentzat leku itxi horiek dira orain arriskutsuenak". Horren hitzetan, "asko" kostatzen zaigu pertsonen arteko distantzia mantentzea, baina "beharrezkoa da", eta "ez genuke gure eguneroko laguna edo etxekoa ez den inorekin elkartu behar". "Hartu beharreko neurriak norabide horretan joango dira, egoera horiek saihesteko bidean", azpimarratu du.

Zentzu horretan, ostalaritzan aplikatu beharreko neurrien inguruan ere hitz egin du. "Batzuek tabernak eta jatetxeak irekita mantentzea nahiago dute, nahiz eta orain lan-karga txikiagoa izan; beste batzuek, ordea, ixtea nahiago dute, horrela aldi baterako lan-erregulazio espedienteak ezartzeko aukera dutelako", gaineratu du.

"Beraz, egoera aztertzen ari gara, eta erabakiak osasuna, lana eta ekonomia kontuan hartuta hartuko ditugu", ziurtatu du.

Etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko eskumena izan nahi du Jaurlaritzak

Alarma egoera ahalbidetzen duen Errege Dekretua aldatzeko eskatu zion atzo Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko, "beharrezkoa izango balitz" eta betiere pandemiaren bilakaera kontuan hartuta.

Erkidegoetako osasun arduradunek atzo burutu zuten bileran, alarma egoeraren dekretuak gaueko jarduera mugatzeko ordutegia aldatzeko aukerarik ematen duen galdetu zuen Jaurlaritzak. Osasun Ministerioak erantzun zion "ezetz" uste duela, baina argituko dutela.

Alarma egoeraren testuak 23:00etatik 06:00etara mugatzen du pertsonen mugikortasuna, baina erkidegoei ordutegi hori ordubetez aurreratzea edo atzeratzea ahalbidetzen zaie.

Osasun ministroaren erantzuna Jaurlaritzari: "Oraingoz ez dugu konfinamendurik aurreikusten Euskadirentzat"

Osasun ministroak autonomia erkidegoetako agintariekin atzo arratsaldean egindako bilera amaitu ostean, Espainiako Gobernuak eta erkidego autonomoek baztertu egin zuten etxeko konfinamendua orain ezartzea eta bizpahiru aste itxarotea adostu zuten, orain arte hartutako neurri murriztaileak COVID-19aren pandemiari aurre egiteko eraginkorrak diren ala ez egiaztatzeko.  

Ministroaren esanetan, oraindik ez da iritsi herritarrak etxean konfinatzeko unea, aukera horren aurretik beste hainbat neurri murriztaile har daitezkeelako.

Osasun Ministerioak esan zuen eskaria aztertuko duela, baina Illak berretsi zuen orain arte hartutako neurrien eraginkortasuna konprobatzeko zientzialariek emandako epea kontuan hartu behar dela.

Ordu batzuk geroago, erkidegoetan hartutako neurriak "zorrotz eta presarik gabe" aztertzeko deia egin du, eta horretarako 10-14 eguneko epea eman du.

Horrekin lotuta, gogora ekarri du erkidegoek neurri "oso garrantzitsuak" dituztela eskura, Gobernuak ezarritako alarma egoerari esker, eta horietako asko eraginkorrak direla birusaren hedapena gelditzeko bidean. Adibide gisa Katalunia eta Madrilgo erkidegoa jarri ditu Osasun ministroak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera LABI bilera gaur