Gizartea -
Klima larrialdia
Araban tenperatura 2 gradu igo liteke 2040rako, eta 4 gradu 2071rako
Gainera, euririk gabeko egunak bikoiztuko lirateke, Arabako Aldundiak Klima Araba 2050 estrategiaren baitan egindako ikerketaren arabera.
agentziak | erredakzioa
Arabako batez besteko tenperatura bi gradu igo daiteke 2040rako, eta lau gradu izatera irits daiteke 2071-2100 aldirako. Gainera, urtean 18 egunetan bero-boladak egongo dira, eta euririk gabeko egunak bikoiztu egingo dira. Horrek denak eragina izango luke bai biodibertsitatean bai pertsonen osasunean.
Horiek dira, besteak beste, Josean Galera Arabako Ingurumen eta Hirigintzako foru diputatuak ostegun honetan eman duen prentsaurrekoan agerian geratu diren ondorioak, Klima Araba 2050 estrategia egiteko prozesuaren berri emateko egindako agerraldian.
Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez, baliteke tenperaturaren igoerak eragin handiagoa izatea Arabako Errioxan, eta uholdeak izateko arriskua handiagoa izatea Aiaraldean; izan ere, klima aldaketaren mehatxu nagusien artean muturreko prezipitazioen igoera ere badago. Horrek guztiak ondorioak izango ditu lurzoru emankorra galduko duen nekazaritzan, baita pertsonen osasunean eta biodibertsitatean ere.
Aurreikuspen horiek iraultzeko, Klima Araba 2050 estrategia lantzen ari da Aldundia. Estrategia horrek lurraldean klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko egin beharreko ekintzak ezarriko ditu.
Estrategia hori lantzeko, foru-erakundeak partaidetza-prozesu bat jarriko du abian. Prozesu horretan, administrazioek, eragileek eta hainbat sektoretako eragin-taldeek hartuko dute parte, hala nola garraioak. Gazteei zeregin garrantzitsua emango zaie, "Gazte Focus Team" ekimenaren bidez.
Klima Araba 2050eko lan-ildoek autohornikuntza sustatzea izango dute helburu, kanpoko iturrien mendekotasuna murrizteko, energia garbiak eta berriztagarriak bultzatzeko eta ibilgailu pribatuaren alternatibei lehentasuna emango dien konektagarritasun- eta mugikortasun-eredu berri bat bultzatzeko. Halaber, oso paper garrantzitsua izango dute azpiegitura berdeek, ekosistemen multifuntzionaltasunak eta biodibertsitatearen kontserbazioak.