Gizartea -
Konfinamendu perimetrala
Nafarroako Gobernua: "Gure eskumenen barruan muturreraino iritsi gara"
Javier Remirez Lehendakaritza kontseilariak espero du epaileek neurri murriztaileak babestea, eta, egin ezean, Espainiako Gobernuarekin "berme juridikoa" topatzen saiatuko direla aurreratu du.
EITB.EUS
Erkidegoan koronabirusaren hedapena geldiarazteko iragarritako neurriek, konfinamendu perimetrala eta ostalaritzaren itxiera, besteak beste, auzitegien babesa izatea espero du Nafarroako Gobernuak.
Horren ildoan, Javier Remirez Nafarroako lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak aitortu du Nafarroako Gobernua bere eskumenen barruan "muturreraino" iritsi dela neurriok hartzeko orduan.
Dena dela, justiziak agindua atzera botako balu (hala gertatu zen duela gutxi Madrilen), "berme juridikoa" topatzen saiatuko direla azaldu du Remirezek, eta horren harira, bihar Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako ordezkariekin duen bileran erabakiren bat egon daitekeela iradoki du.
Nafarroako Gobernuak ostiralerako espero du Nafarroako Auzitegi Nagusiaren erantzuna. Neurri murriztaileak bezperan, ostegunean, sartuko dira indarrean, Maria Chivite Nafarroako lehendakariak atzo iragarri zuenez.