Gizartea -
KORONABIRUSA
743ra jaitsi dira kasuak EAEn eta 411ra Nafarroan, baina urrun daude gomendatutakotik
EAEko positibitate tasa %6,1ekoa da eta Nafarroakoa % 12,3koa. Gipuzkoan 336 positibo izan dira, Bizkaian 306 eta Araban 99.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
743 positibo berri izan dira COVID-19an azken 24 orduotan Euskal Autonomia Erkidegoan, ostiralean baino 98 gutxiago. Beraz, egindako proben % 6,1ekoa da positibotasun tasa. Munduko Osasun Erakundeak % 5eko muga ezartzen du pandemia kontrolpean izateko.
Osasun Sailak jakitera eman dituen datuen arabera, 12.122 PCR proba eta antigeno proba egin dituzte larunbatean, aurreko egunean baino 1.255 gehiago. Bezperan egindako probekin alderatuta, positiboen ehunekoak 1,6 puntu egin du behera bi jardunaldi horien artean: % 7,7tik % 6,1era.
743 kasu atzeman dira EAEn (841 izan ziren aurreko egunean). Gipuzkoa da berriz ere kasu gehien dituen lurraldea, 336 positiborekin; hala ere, aurreko egunean baino 94 gutxiago dira. Bizkaian ere behera egin du eta 305 positibo berri atzeman dira, ostiralean baino 16 gutxiago. Araban, berriz, 99 kutsatu dira, aurreko egunean baino 15 kasu gehiago. Beste hiru kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.
Ospitaleetan 36 pertsona ospitaleratu dituzte, aurreko egunean baino 22 gutxiago, eta 56 gaixo ZIUn daude, ostiralean baino bost gehiago.
Nafarroako Gobernuaren Osasun Sailak 411 positibo atzeman ditu azken 24 orduetan, 3.336 PCR proba eta test antigeno egin ostean; beraz, positibitate tasa % 12,3koa da. Atzoko %16,1etik jaitsi egin da beraz (547 positibo izan ziren). Nafarroa muturreko egoeran dago, positibo kopurua oso altua da eta positibitate-tasa %12 eta ia %18aren artean ibili da aste osoan.
Halaber, COVID-19ak eragindako hiru heriotza erregistratu ziren Nafarroan, guztiak gizonak, 74 urteko bat eta 86 urteko bi; eta, gainera, aurreko eguneko beste hiru jakinarazi ziren, 92 urteko emakume bat eta 79 eta 85 urteko bi gizon. Pandemia hasi zenetik 649 pertsona hil dira COVID-19arekin Nafarroan.
Zonaldeka, Iruñean eta eskualdean erregistratu dira positiboen % 53, Tuterako eremuan % 25, Lizarraldea % 4 eta Nafarroako gainerako inguruetan banatuta % 18.
Adin-tarteen arabera, 45-59 urte bitartekoak izan dira positibo berri gehienak (% 25) eta 15-29 urte bitartekoak ondoren (% 23). Jarraian, 30-44 urte bitarteko taldea dago, % 19rekin; gero, 60-75 urte bitarteko taldea, % 14rekin; 15 urtetik beherakoen taldea, % 12rekin; eta, azkenik, 75 urtetik gorakoena, % 7rekin. Kasu berrien batez besteko adina 40,7 urtekoa da.
Nafarroako ospitale-sarean 282 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 26 gehiago), eta horietako 37 ZIUn daude (atzo baino bi gehiago).