Gizartea -

COVID-19

Koronabirusa duela jakinarazi du Esparzak

COVID-19a gogor astintzen ari da Nafarroa, eta kutsatze-katea eteteko neurri murriztaile gehiago iragarri ditu gaur Maria Chivite Foru Erkidegoko lehendakariak.

Javier Esparza, UPNko presidentea. Argazkia: EFE.
Javier Esparza, UPNko presidentea.
Javier Esparza, UPNko presidentea. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Esparza UPNko presidenteak eta Navarra Sumako eledunak COVID-19a duela iragarri du, Twitter bidez zabaldu duen mezu baten bidez. "Onik" dagoela eta "birusak uzten badio" datozen egunotan etxetik lan egingo duela idatzi du txioan.

Hain zuzen, Nafarroako egoera epidemiologikoa kinka larrian dagoenean kutsatu da Esparza ere. Azken hiru egunetan 400 kasu berri baino gehiago atzeman dituzte Foru Erkidegoan eta atzokoak izan ziren, gainera, okerrenak: 463 positibo atzeman zituzten eta PCRetako positibo tasa % 17,9ra igo zen. Kasu berrien gehiengoa Iruñean eta eskualdean atzeman zuten (positibo berrien % 61): Iruñeak, adibidez, 100.000 biztanleko 700 kasu inguruko intzidentzia tasa du.

Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak asteburu luze honetan "autokonfinatzeko" eskatu zien herritarrei. Honela egin zuen eskaria, ia erregua, Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusia: "Hiru egun daramatzagu kasu kopuru altua izaten Nafarroan, 400dik gora gabiltza, eta bistakoa denez, kopuru hori jaitsi beharra daukagu, azkar batean, osasun sistema, ekonomia, etorkizuna... baldintzatu baino lehen. Horregatik, asteburu lasaia igarotzeko eskatzen dizuet, ia autokonfinatuta egotea, alegia. Gauza asko egin daitezke: irakurri, musika entzun, familiarekin egon, parke zein mendi aldetik paseatu... baina, mesedez, mugikortasuna ahal den gehiena murriztuz. Garrantzitsuena bilerak ekiditea da, beste pertsonekin ez geratzea, bizi ez garen jendearekin ez egotea...  Luzea izango den asteburu honetan, izan dezagun kontuan, eta mugatu ditzagun joan-etorriak, ea horrela kasuak gutxitzen hasten garen".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPN Nafarroa Gaixotasunak argazkiak Gizartea Jose Javier Esparza Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea Osasunbidea