Gizartea -

Osasuna

Nafarroako Gobernuak gripearen aurkako txertoa jartzeko eskatu die herritarrei

Urriaren 5ean abiatuko dute gripearen aurkako txertaketa kanpaina, eta osasun-zentro gehienetan eska daiteke jada hitzordua. Zehazki, 270.000 dosi erosi dituzte kanpaina honetarako.

Osasun arloko langile bat, pertsona bati txertoa jartzen. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Osasun arloko langile bat, pertsona bati txertoa jartzen.
Osasun arloko langile bat, pertsona bati txertoa jartzen. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gripearen aurkako txertaketa kanpaina datorren astelehenean, urriak 5, hasiko da Nafarroan, eta azaroaren 27ra arte luzatuko da. Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak txertoa jartzeko eskatu die herritarrei, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz arrazoi gehiagorekin, gainera. Nafarroak, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarekin batera prestatu du aurtengo kanpaina.

Ildo horretatik, Nafarroako Osasun Departamentuak 270.000 dosi erosi ditu kanpaina honetarako, hau da, iaz baino kopuru bikoitza (126 000), Santos Indurain Osasun kontseilariak kazetarien aurrean egindako agerraldian azaldu duenez.

Nafarroako osasun-zentro gehienetan eska daiteke jada txertoa jartzeko hitzordua, baita esteka honen bidez ere. Azken kasu horretan, nahikoa izango da osasun-txartelaren zortzi zifrako zenbakia eta jaioteguna jartzea. Gainera, berrikuntza gisa, telefono bidez aurretiko hitzordua eskatzeko sistema berria gaitu dute aurten, dagoeneko martxan dagoena.

Iruñerako eta Eskualderako, telefonoa 659 100 300 da; Tuteran, hitzordua 848 434 430 telefonoaren bidez eskatu behar da. Bi telefonoak astelehenetik ostiralera daude martxan, 08:00etatik 20:00etara. Gainerako tokietan, dagokion osasun-zentrora deitu behar da hitzordua hartzeko.

Arrisku-baldintzak dituzten pertsonak

Gripeak osasunean eragin gehien izan dezakeen pertsonei zuzenduta dago bereziki kanpaina, hala nola 60 urtetik gorakoei, haurdun daudenei, helduei eta osasun-arazo kronikoak dituzten 6 hilabetetik gorako haurrei. Arazo horiek, besteak beste, honako hauek dira: kardiobaskularrak, diabetesa, obesitate morbidoa, giltzurrunetako gaixotasunak, gibelekoak, neuromuskularrak, immunogutxitzea eta minbizia.

Halaber, gripea arrisku-baldintzak dituzten pertsonei kutsa diezaieketen pertsonei ere txertoa jartzeko eskatu die Foru Gobernuak. Hori dela eta, garrantzitsua da osasun-langileek ere txertoa jartzea. Gainera, txertaketa langile soziosanitarioentzat ere gomendatzen da, baita etxeko zainketakoentzat ere, eta baita etxean arrisku handiko pertsonekin bizi diren adin txikikoentzat ere.

Txertoa bereziki egokia da, halaber, hezkuntza-maila guztietako irakasleentzat, segurtasun-indarretako kideentzat, suhiltzaileentzat, babes zibileko zerbitzuentzat, osasun-larrialdietako langileentzat, espetxeetako langileentzat eta ebazpen judizial bidez barneratze-zentroetako langileentzat.

Gripearen aurkako txertaketa kanpainaren helburua aurreko urteetakoa da, alegia, utsatzeak eta gripearen ondorioz hiltzen diren pertsonen kopurua murrizte. Aurten, gainera, COVID-19aren eta gripearen infekzio bikoitz batek heriotza arriskua bikoiztu egingo luke. Horrenbestez, gripearen aurkako txertoa jartzea inoiz baino garrantzitsuagoa da.

2019/2020 gripearen txertaketa-kanpainan, Nafarroan 15.576 kasu atzeman zituzten (15.031 gaixo izan ziren aurreko urtean), 449 pertsona ospitaleratu zituzten eta 17 pertsona hil ziren. Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, 60 urte baino gehiagoko pertsonen artean, % 54k jarri zuten gripearen aurkako txertoa. Haurdun zeuden emakumeen artean, gripearen aurkako txertoaren estaldura % 62koa izan zen, eta osasun-langileen artean, % 29koa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak azken ordukoa Gripea Koronabirusa Osasunbidea gaur