Gizartea -
Hasiera mailakatua EAE-N
DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 120.000 ikaslek gaur hasi dituzte eskolak
Ikasturtea abiatu eta biharamunean greba deialdiarekin egingo dute topo ikasleok.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Koronabirusa dela eta, ikasturte hasiera mailakatua izan dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleek. Joan den astean hasi zituzten eskolak Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. eta 2. mailetan. Gaur, berriz, DBHko 3. eta 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 120.000 ikasleen txanda da. Ikasturtea hasi orduko, greba deialdiarekin egingo dute topo ikasleek, biharko lanuztea deitu baitute Hezkuntzako sindikatu guztiek.
Lanbide Heziketako 42.500 ikasleei dagokienez, horien buelta are mailakatuagoa izango da, irailaren amaiera arte pixkanaka-pixkanaka joango baitira eskoletara batzen.
Denek bezala, horiek ere bigarren itxialdi baten beldurra dute; izan ere, martxoan pandemiak kolokan jarri zituen horien praktikak, eta online klaseak ez dira beti baliagarriak horien heziketarako. Julen Elgeta Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteko presidenteak Euskadi Irratian azaldu duenez, ikasketa telematikoa "Lanbide Heziketan ezinezkoa da. Mekanizatu bat egiteko edo pieza bat egiteko makina aurrean eduki behar duzu, bestela ez duzu ezer lortuko".
Euskal Herrian dagoeneko 50 bat ikastetxek itxi behar izan dute ikasgelaren bat; hiru ikastetxe itxi dituzte jada EAEn, eta lauzpabost bat Iparraldean.