Gizartea -

Elkarretaratzeak

Moriako pertsona errefuxiatuen egoera salatu dute ehunka pertsonak

“Europa erruduna, Genozidioari stop” lelopean, elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, 13.000 pertsona baino gehiago bizitzen ari diren egoera salatzeko.

Gasteizko elkarretaratzea. Irudia: ETB
Gasteizko elkarretaratzea. Irudia: ETB
Elkarretaratzeak egin dituzte Moriako errefuxiatuen egoera salatzeko

2:39

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Moriako (Lesbos uhartea, Grezia) kanpalekuan zeuden 13.000 pertsona errefuxiatu baino gehiago bizitzen ari diren egoera salatzeko.

SOS Errefuxiatuak plataformak deituta, Donostian mobilizazioa Boulevard Zumardian egin dute, Bilbon Arriaga antzokiko plazan, Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazan eta Iruñean Gazteluko plazan.

Donostiako elkarretaratzean, besteak beste, EH Bildu, Ezker Anitza-IU eta Elkarrekin Gipuzkoako kideek parte hartu dute, “Europa erruduna, Genozidioari stop” lelopean. Gainera, SOS Errefuxiatuak plataformaren banderak eta “harrera aterpea da” edo “Erregulazioa orain” kartelak erakutsi dituzte.

Iruñean ere elkarretaratzea “Europa erruduna, Genozidioari stop” lelopean egin dute, Iruñea Harrera Hiria, Africa Unida, Denontzat, Zaporeak, Karabana Mugak Zabaldu, HelpNa, Munduko Medikuak, Oxfam Intermon eta SOS Arrazakeria Nafarroak deituta.

"Beste behin ere pertsona migratzaileak mehatxutzat jo dituzte"

Elkarretaratzeko deitzaileen hitzetan, Greziako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du, eta pertsona guztiei uhartetik ateratzea debekatu die; ondorioz, “beste behin ere pertsona migratzaileak mehatxutzat jo dituzte, Morian gertatu denaren erantzuleak klase politikoa eta migrazio politikak direnean”.

“Zoritxarrez, eskubiderik gabeko toki asko daude Europan, horietako bat Moriako kanpalekua. Muga gehienetan, adibidez, pertsonen giza eskubideak urratzen dituzte egunero inpunitate osoz, haien ‘delitu’ bakarra gerra, indarkeria, gosea, miseria, lehortetik ihes egitea denean”, ziurtatu dute.

Zentzu horretan, “Europako herrialdeek pertsona horien eskubideak errespetatu behar dituzte, migrazio prozesuak bermeekin erraztuz, 2017an hartutako konpromisoak bete ez dituztelako, eta Moriako biktima guztiak baldintza duinetan birkokatu”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Bilbo Donostia Iruñea Migrazioa Europa Gizartea Grezia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Manifestazioak Errefuxiatuak