Gizartea -
Koronabirusa
Mungiako kuarteleko 60 militar koarentenan, sei positibo antzeman ostean
Azken zazpi egunetan 145 positibo detektatu dituzte udalerrian. Halaber, San Jose Etxe Alai erresidentzian 21 adineko kutsatu ziren joan den astean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mungiako kuarteleko sei militarrek positibo eman dute eta beste 60 militar koarentenan jarri dituzte, EFE agentziak zabaldu duenez.
Sei militarretatik batzuk sintomak dauzkate eta beste batzuek ez. Hiru kuartelenean daude koarentenan, eta beste hirurak, euren etxeetan.
Kutsatuta egon daitezkeen 60 militarrak etxera bidali dituzte eta datozen orduetan PCR probak egingo dizkiete.
Mungian, azken astean, 145 positibo izan dira, Osasun Sailaren datuak kontuan hartuta. Hilabete honetan hainbat agerraldi izan dira. Joan den astean 21 adineko kutsatu ziren San Jose Alai erresidentzian, eta abuztuan, foku bat detektatu zuten Goieta tabernan.
Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak dispositibo berezi bat jarriko du ostiral honetan Mungian, eskualde horretako 20 bat zahar-etxetako langileei PCR probak egiteko, prebentzio neurri gisa.