Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroako ikastetxeetako ateak ireki dituzte berriro, sei hilabete geroago
"Normaltasun berriak" neurriak zorroztea ekarri du, ez kutsatzeko protokolo "oso zorrotzak" ezartzea, besteak beste.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako ikastetxeetako ateak ireki dituzte berriz ere ostiral honetan, irailak 4, azken eskola presentzialak hasi eta ia sei hilabetera, "urduritasuna" eta "ziurgabetasuna" tarteko, jardunaldi jarraitua, maskararen erabilera eta higiene neurriak ezarrita.
"Normaltasun berriak" kutsatzeak saihesteko neurriak zorroztea ekarri du Foru Erkidegoan ikasturtea hasi duten 70 bat zentro publikoetan (gainerakoek astelehenean abiatuko dute). Sare publiko eta pribatuak 316 zentro ditu.
Maskara batzuk kolorezkoak dira zenbait ikastetxetan, taldeak hobeto identifikatu ahal izateko. Maskara horiek dira, hain zuzen ere, ikasturte honetako bereizgarria, eta protokolo "bizia da, aldakorra", irakasle baten esanetan, eta egunez egun egokitzen ari direla azaldu du.
Koronabirusaren aurkako protokoloa, horren ustez, "oso zorrotza" da; izan ere, guztiek betetzen badute, "zaila" da ikasgeletan kutsatzea, gutxienez 6 urtetik gorakoetan, horietan derrigorrezkoa baita maskarak erabiltzea.
3 eta 6 urte bitarteko adingabeek gune komunetan eraman behar dute, baina ez gelan, eta hala egin dute gaur goizean; zentroan, oinetakoak aldatu, eskuak garbitu eta maskara kendu dute.
Ikastetxeetan espazioak seinaleztatu eta mugatu dira, ikasleak modu mailakatuan sartu dira eta gurasoak kanpoan geratu dira; izan ere, pilaketak saihesteko ordutegiak errespetatzea eskatu zaie aldez aurretik.