Gizartea -
Koronabirusa
PCR proba egin beharko dute 15 urtetik gorako Leitzako bizilagun guztiek
Pertsonen mugikortasunarekin lotutako neurririk hartuko ez badute ere, taberna eta jatetxetako edukiera murriztuko dute, baita haurren jolas-tokietakoa eta leku publikoetakoa ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Osasun Departamentuak, Udalarekin adostuta, erabaki du asteburuan PCR probak egingo dizkietela Leitzan 15 urtetik gorako bizilagun guztiei; gutxi gorabehera 2.500 pertsonari.
Udalak jakinarazi duenez, azkenaldian COVID-19 kasuek gorakada nabarmena izan dute herrian, adin eta ezaugarri ezberdinetako bizilagunen artean. Horregatik, Foru Agindu bat onartu behar izan du Gobernuak, neurri zorrotzagoak ezartze aldera.
Agindua bihar bertan argitaratuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta pertsonen mugikortasunarekin lotutako neurririk hartuko ez badute ere, taberna eta jatetxetako edukiera murriztuko dute, baita haurren jolas-tokietakoa eta leku publikoetakoa ere.
Gainera, elkarte gastronomikoak itxiko dituzte, eta lagun edo familiarteko hitzorduetan jende gutxiago bildu ahal izango da.
Neurri horiek hamabost egunez ezarriko dituzte, baina denbora tarte horretan aldaketak egon daitezke, unean uneko osasun egoeraren arabera.
Abuztuaren 22az geroztik, 35 COVID-19 kasu atzeman dituzte Leitzan, hiru fokutan banatuta. Horietako baten berri atzo bertan ¡zan zuten.