Gizartea -
KORONABIRUSA
Lau adineko hil dira Bizkaiko eta Arabako erresidentzietan
Pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik, guztira zazpi pertsona hil dira Bizkaiko zahar-etxeetan. Zuiako egoitzan beste adineko bat zendu dela jakinaazi du Arabako Foru Aldundiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaian beste hiru egoiliar hil dira adinekoen egoitzetan koronabirusaren ondorioz. Gainera, 100 lagun gehiagok positibo eman dute eta beste 14 ospitalean daude.
Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuaren arabera, covid-19ak beste hiru erabiltzaileren heriotza eragin du Bizkaiko adinekoen egoitzetan. Guztira, zazpi dira dagoeneko bigarren olatuan gaixotasunaren ondorioz hil diren pertsonak.
Gainera, 100 egoiliar gehiagok eman dute positibo, eta beste 14 ospitalean daude. Egun, Bizkaian sei egoitzetan atzeman dituzte covid-19aren kasuak: Truiondo-Zamudio (26), IMQ Igurco Zorrozgoiti-Bilbao (28), Elorduy-Barrika (26), Miranda Fundazioa (1), Ballesol-Bilbao (5) eta IFAS Elorrio (14).
Horrez gain, Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuak 88 pertsona hartu ditu koronabirusaren infekzio-kasuak artatzeko. Horietatik 61 egoitza-zentroen sareko erabiltzaileak dira, eta beste 27, ostera, hauskortasun-egoeran daudenak dira. Berrogeialdia egiten ari dira ospitaleratu ondoren.
Langileei dagokienez, dagoeneko 78 dira PCR probetan positibo eman dutenak, eta beste 79k isolamendu prebentiboan jarraitzen dute.
Halaber, Araban, Zuiako Sortzez Garbiaren egoitzan beste adineko bat hil da asteazken honetan koronabirusarekin.
Arabako Foru Aldundiak azaldu duenez, beste gaixotasun batzuk ere bazeuzkan eta medikuak erresidentzian artatu ostean, erietxera bidaltzeko agindua eman du, eta han hil da.
Horrez gain, lau positibo gehiago antzeman dituzte Txagorritxun eta bana Ariznabarran, Lakuan eta Ajuriako eguneko zentroan.
Bi positibo berri erregistratu dira Donostiako gizarteratze-zentroan eta Zumarragako unitate soziosanitarioan
Donostian gizarteratze-baliabide bat erabiltzen duen pertsona batek eta Zumarragako Argixaoko unitate soziosanitarioan berrogeialdia egiten ari den beste batek positibo eman dute azken orduetan.
Bestalde, azken 24 orduetan ez da koronabirus kasu berririk izan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, Gizarte politiketako foru departamentuak jasotako informazioan oinarrituta, azken orduetan Donostian gizarteratzeko baliabide baten erabiltzaile batek positibo eman du, eta Zumarragako Argixaoko unitate soziosanitarioan ospitaleratu ondoren berrogeialdia egiten ari den beste pertsona batek ere positibo eman du.
Ondorioz, eta PCR probak egiten jarraitzen duten bitartean, gizarteratzeko baliabidearen bizikidetza-unitatea eta unitate soziosanitarioan kaltetutako sektorea isolatu dituzte.
Adinekoen egoitzei dagokienez, 65 zentrok eta 5.425 plazek osatzen dute sarea, eta oraindik ere sei pertsonak positibo eman dute, guztiak ere egoitza-multzo beraren erabiltzaileak, Donostiako Hermano Garate-San Inazio.
Horietako lau Eibarko Ospitaleko azpiegitura soziosanitarioan daude, eta bik ospitaleko arreta behar dute. Abuztuaren 11n lehen positiboa eman zutenetik, bi pertsona hil dira COVID-19arekin, Hermano Garate-San Inazio zentroko egoiliarrak biak.