Gizartea -
Koronabirusa
Illa autonomia erkidegoekin bilduko da gaur, koronabirusaren bilakaera aztertzeko
Azken orduetan 2.935 koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte Estatuan. Gauzak horrela, aste honetan bigarren egunez bilduko da Illa autonomia erkidegoetako ordezkariekin.
Agentziak | Erredakzioa
Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluaren ezohiko bilera deitu du gaurko, ostirala, autonomia erkidegoetako ordezkariekin koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaerari buruz hitz egiteko asmoz.
Osasun Ministerioak ohar batean jakitera eman duenez, Illak lurralde arteko ezohiko kontseiluaren bileran parte hartuko du, eta, ondoren, 13:00ak aldera, landutako gaien eta COVID-19ren bilakaeraren berri emango du, kazetarien aurrean.
Gauzak horrela, aste honetan bigarren egunez bilduko da Illa autonomia erkidegoetako ordezkariekin; izan ere, asteazkenean osoko bilkura deitu zuen koronabirusaren agerraldiei buruz hitz egiteko.
Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, azken orduetan 2.935 koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte Estatuan, asteazkenean 1.690 kasu baieztatu zituztenean. Testuinguru horretan, 337.334 positibo zenbatu dituzte pandemiaren hasieratik. Azken bi asteetan 13.529 positibo atzeman dituzte guztira (aurreko zazpi egunetan 4.113).