Gizartea -
KORONABIRUSA
Osasun Sailak PCR proba egiteko eskatu die Aguraingo Kokolo tabernan egon zirenei
Ostegun honetatik aurrera, Osakidetzak PCR probak egingo dizkie uztailaren 29tik abuztuaren 2ra establezimenduan egon eta proba egitea eskatzen duten guztiei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uztailaren 29tik abuztuaren 2ra bitartean Aguraingo Kokolo tabernan egon ziren pertsonei beren osasun-zentroekin harremanetan jar daitezela eskatu diete Osasun Sailak eta Osakidetzak, PCR proba bat egiteko eta, horrela, kasu positiboak detektatzeko.
Nekane Murgak zuzentzen duen Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, egun horietan tabernan egon ziren herritarren laguntza eskatu dute, COVID-19aren pandemia geldiarazteko Zaintza Planari jarraiki.
Probak ostegun honetatik aurrera egingo dira, 13:00ean hasita, Aguraingo osasun-zentroan, Gasteizko zenbait zentrotan (Lakuabizkarran eta Zabalganan) eta Arabako Unibertsitate Ospitalean (Gasteizko Kanpoko Kontsultetan).
Halaber, Osasun Sailak eta Osakidetzak kutsatze gehiago saiheste aldera hartu beharreko prebentzio-neurriak gogorarazi dizkiete herritar guztiei, bai eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea) dituen oro etxean isolatu eta osasun-zentrora deitu behar duela ere.
Era berean, "lasaitasun mezua" helarazi dute, eta horrelako neurriak "prebentziozkoak" direla eta "transmisio posible bat lehenbailehen detektatu eta kutsatze berriak saihestu" nahi dituztela azpimarratu dute.
PCR probak Arabako Errioxako sasoikako langileei
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako jarduneko Osasun sailburuak aurreratu duenez, Arabako Errioxako sasoikako langileei PCR probak egitea aurreikusi dute, eta beste neurri batzuk aztertzen ari dira.
Proba horiek egiteaz gain, kontratuak non egiten diren eta sasoikako langileen ostatatze-baldintzak aztertzen ari direla azaldu du Murgak Gasteizen egindako prentsaurreko batean.
Nekane Murgak gehitu duenez, bilerak egin dituzte enpresa nagusiekin, iristeko egutegiak eta hobetu daitekeen guztia aztertzeko eta baloratzeko, sasoikako langileak etortzen direnean "erantzuna emateko prest" egon daitezen.