Gizartea -
KORONABIRUSA
Gasteizko bi jatetxe, taberna bat eta diskoteka bat itxita, positiboak atzeman ostean
Herritarrei gaitza atzemateko detekzio-proba masiboak egitea baztertu dute oraingoz. Araban 62 koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan.
EITB.EUS
Gasteizko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak janari lasterreko bi jatetxe, diskoteka bat eta taberna bat itxi dituzte behin-behinean, lokaleko langileen artean COVID-19 kasu positiboak atzeman ondoren. Dena dela, herritarrei gaitza atzemateko detekzio-proba masiboak egitea baztertu dute oraingoz.
Atzo jakinarazi zuten Alde Zaharreko Aiztogile kaleko taberna bat itxi zutela, bertako langileetako batek positibo eman ondoren. Astelehen honetan baieztatu dutenez, janari lasterreko bi jatetxe itxi dituzte, bata Armentiaganan eta bestea Arabako hiriburuko Gorbeia merkataritza-gunean, baita Koroatze auzoko taberna-diskoteka bat ere. Kasu guztietan, langile batek positibo eman du eta lokalak itxi dituzte desinfektatzeko.
Osasun Sailak zehaztu duenez, barran zerbitzatzen aritu den langile bat kutsatu dela baieztatzen denean, udalari lokala prebentzioz ixtea gomendatzen zaio, establezimendua desinfektatu arte.
Osasun adituek birusaren transmisio komunitarioa egon dela uste badute bakarrik egingo da baheketa masiboa, eta oraingoz ez dute egoera hori atzeman Gasteizen, iturri berberek adierazi dutenez.
Ildo horretatik, oraingoz ez dago aurreikusita ostalaritza-lokal horietara joan ziren bezero guztiei gaitza atzemateko detekzio-probak egitea, beste herri batzuetan egin zen bezala, hala nola Ordizian, Getarian, Tolosan, Eibarren eta Zarautzen; edo oraintsuago Bilboko Back&Stage diskotekan egon zirenei.
Osasun Sailak zabaldutako azken datuaren arabera, Araban 62 kasu gehiago atzeman zituzten larunbatean, horietatik 58 Gasteizen.
Bihar hasiko dira Andre Maria Zuriaren "ez jaiak" Gasteizen. Poliziaren presentzia areagotuko da jendetzarik gerta ez dadin, eta ostalari bakoitzak erabakiko du bere lokala ireki edo ez.