Gizartea -

Koronabirusa

Murgak zentzugabetzat jo du gaixo daudenek musukoa ez erabiltzeko abiatutako kanpaina

"Bizi dugun egoera honetan, bidegabea da musukoaren erabileraren aurka agertzea, arnas arazoak dituztenei gainerakoei baino mesede handiagoa egiten baitie maskarak", nabarmendu du Murgak.

Nekane Murga Osasun sailburua. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Murgak zentzugabetzat jo du gaixo daudenek musukoa ez erabiltzeko abiatutako kanpaina
Nekane Murga Osasun sailburua. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekane Murga Osasun sailburuak azpimarratu du arnas arazoak dituztenei egiten diela, bereziki, mesede maskarak, horri esker Covid-19arekin kutsatzeko arriskua txikiagoa delako. Horregatik, "zentzugabetzat" jo du musukoen aurkako kanpainak abiatzea. "Maskara erabiltzeagatik arnas gutxiegitasuna duen oro, Covid-19arekin kutsatuz gero, ez da bizirik aterako", ohartarazi du.

Kutsatzeak murrizte aldera Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurri berriri buruz hitz egiteko Gasteizen emandako prentsaurrekoan, Murga haserre agertu da Bizkaiko Medikuen Elkargoak salatu duen kanpainarekin. Hain zuzen ere, salaketan zehaztu dutenez, kexa asko jaso dituzte zenbait mediku txostenetan maskararen erabilera ez salbuesteagatik.

"Bizi dugun egoera honetan, bidegabea da musukoaren erabileraren aurka egotea", nabarmendu du Murgak, "arnas arazoak dituztenei gainerakoei baino mesede handiagoa egiten baitie maskarak".

Modu horretan, argi utzi du musukoak % 10 soilik murrizten duela arnasteko gaitasuna, "Covid-19ak, ordea, askoz gehiago".

"Argi izan behar dugu arnasketarekin lotutako gaixotasun kronikoren bat edo bihotzeko gaitzen bat dutenentzat are larriagoa izan daitekeela Covid-19arekin kutsatzea", berretsi du.

"Egia da asma, bronkitisa edo beste edozein patologia dutenentzat ezerosoa dela maskara erabiltzea, kasu batzuetan arnasteko gaitasuna murriztu dezakeelako, baina ziur nago Covid-19ak haien biriketan izango ditun ondorioak askoz larriagoak direla", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Koronabirusa Maskarak koronabirusa