Gizartea -
Koronabirusa
10 eta 29 urte arteko gazteak dira EAEko azken hiru egunetako positiboen % 60
Egun hauetan atzeman diren positibo gehien dituen lurraldea Gipuzkoa da 212rekin eta Bizkaiak jarraitzen dio 185 positiborekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ostiraletik igandera atzemandako 426 kasuetatik % 60,5 10 eta 29 urte artean daude. Gainera, egun horietan aurkitutako positibo gehien dituen lurraldea Gipuzkoa (212) da. Atzetik Bizkaia du (185), eta, azkenik, Araba (27).
Osasun Sailak argitaratutako txosten epidemiologikoan ostiraleko, larunbateko eta igandeko herriz herriko eta adinkako datuak agertzen dira, baina ez dira koronabirusagatik hil diren pertsonen datuak agertzen, horiek asteazkeneko txostenean argitaratuko baitira.
Ostiralean hasi eta igandera arte, 14.304 PCR proba egin dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta gehienak Unibertsitaterako sarbide proba (lehen Selektibitatea zena) egin eta geroko jaietan emandako kutsatzeak atzemateko egin dira.
Test horietatik 426 positibo izan dira eta 258k, hau da, % 60,5ek, 10 eta 29 urte artean dituzte. Gainera, 10 urtetik beherako 27 haur ere badaude kutsatu berrien artean. Hala ere, Nekane Murga sailburuak adierazi du kutsatzeen gehiengo gazteetan ematen ari bada ere, positibo berrietatik 31 60 urtetik gorako biztanleetan eman direla.
Datu horiekin, R0 zenbakia, kutsatutako pertsona bakoitzak beste zenbat pertsona kutsatzen dituen estimatzen duen zenbakia, larunbatean igaro zen lehen aldiz 2 kutsatzeetatik. Izan ere, 2,27ra igo zen eta igandean 2,21era jaitsi.
Oraindik ere Gipuzkoa da kutsatze gehien jasotzen dituen lurraldea: 212 azken 3 egunetan. Hurrengoa Bizkaia da 185 kutsatzerekin eta azkenik Araba dago, 27 kutsatzerekin (horietatik 14, Gasteizen).
Egun hauetan kutsatze gehien izan dituen EAEko herria Ermua izan da (azken 72 orduetan 77 positibo atzeman dira bertan). Eibarren, berriz, 56 positibo atzeman dira eta, Zarautzen, 53.