Gizartea -
Koronabirusa
Antigorputzak atzemateko baheketa-programa abiatu dute Nafarroan, osasun arloan
Erakunde sanitario eta soziosanitarioak infekzioaren aurkako gune seguru gisa mantentzen laguntzea da SEPROSANA izena duen baheketa-programaren helburu nagusia.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroan, COVID-19aren aurrean osasun arloko profesionalek duten egoera immunologikoa aztertzeko eta kolektibo horretan izan daitezkeen kutsatu asintomatikoak atzemateko baheketa-programa bat abiatu du Nafarroako Gobernuak. Ildo horretatik, sare publiko eta pribatuko 17.000 profesional sanitarioei egingo dizkiete gaitza atzemateko detekzio-probak.
Orain arte izena eman duten osasun-sareko profesionalei dagokienez, ia 11.000 sare publikokoak dira (9.050 Iruñeko osasun arlokoak dira, 1.250 Tuterakoak eta 620 Lizarrakoak) eta beste 2.400 sare pribatukoak (Nafarroako Unibertsitate Klinikako 2.000 profesional eta San Juan de Dios Ospitaleko 400 profesional inguru). Sare pribatuko zentroen kasuan, haiek arduratzen ari dira laginak biltzeaz.
Zehazki, erakunde sanitario eta soziosanitarioak infekzioaren aurkako gune seguru izaten jarraitzeko laguntzea da SEPROSANA (Nafarroako Osasun eta Soziosanitarioko Profesionalen Seroprebalentzia) baheketa-programaren helburu nagusia. Halaber, osasun arloko langileen egoera immunologikoa ezagutzeko bitarteko gisa balio izatea nahi du Nafarroako Gobernuak, "pandemia kontrolatzeko funtsezkoa den kolektiboa baita".
Testuinguru horretan, programak bi fase ditu aurreikusita: lehena hilabete honetan garatuko da eta bigarrena udazkenean hasiko da. Dena dela, horren edukia "unean uneko egoera epidemiologikora" egokituko dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.
Lehen fasean, osasun arloko profesional bakoitzari antigorputzak atzemateko test serologiko bat egingo zaio, ELISA teknikaren bidez (fidagarritasun maila handia duen proba da), koronabirusa izan duen norbaitekin kontaktuan izan diren eta antigorputzak garatu dituzten jakiteko.
Proba horri esker, odolean koronabirusaren antigorputzak garatu diren edo ez baiezta daiteke, bai IgM motakoak (agertzen diren lehenak dira, eta une horretan infekzioa dagoela iradoki dezakete), bai IgG motakoak (geroago agertzen dira, eta immunitatearen garapenarekin lotzen dira).
Antigorputzen analisiak koronabirus bidezko infekzioa une horretan fase akutuan egon daitekeela adieraziz gero, profesionalari PCR proba egingo diote, koronabirusa duen argitzeko; horrela, birusaren prebalentziaren ikuspegi fidagarria lortuko da osasun-langileen eta langile soziosanitarioen artean, eta, aldi berean, tresna diagnostikoen erabilera eraginkorra egingo da.