Gizartea -
KORONABIRUSA
Bi pertsona hil dira Basurtuko koronabirus agerraldian eta bat Txagorritxukoan
Guztira, 29 pertsona kutsatu dira Basurtuko Ospitalean, eta zazpi Txagorritxun.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Basurtuko Ospitalean aurkitutako koronabirusaren fokuak 29 pertsonari eragin die dagoeneko, atzo baino 4 gehiago, eta bi gaixo hil dira. Gasteizko Txagorritxuko Ospitalean, berriz, kutsatuen kopurua 4tik 7ra igo da, eta ospitaleratu bat hil da.
Nekane Murga Osasun sailburuak COVID-19 kasuen bi gune berri horien inguruko datu gehiago eman ditu prentsaurrekoan.
Basurtun, 798 PCR proba egin zaizkie 552 osasun-profesionali, 134 pazienteri eta 112 bisitari edo kontaktu estuei, eta orain arte 29 pertsonak eman dute positibo. Atzo, hildako gaixo baten berri eman zuten, eta gaur beste batena, biak aurretiazko patologiekin.
130 proba egin dituzte Txagorritxun, eta 7 positibo atzeman dituzte, atzoko 4 kasuen aurrean. Horietatik 3 pazienteak ziren, bat osasun-profesionala eta 3 hurbilekoak edo kontaktu estuak bisitatu zituzten pertsonak. Gaixotasun larria zuen gaixoetako bat hil egin da.