Gizartea -

KORONABIRUSA

Gaztelugatxek 3000 bisitari baino gutxiago hartuko ditu egunero

Gaztelugatxen sarbideak kontrolatzeko neurriak hartzea erabaki zuen Aldundiak azken urteetan izandako bisitari kopuruaren gorakada nabarmena izan ondoren.

Gaztelugatxe. Irudia: EFE
Gaztelugatxe
Gaztelugatxe. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemia dela eta, Gaztelugatxera egingo diren bisitak (egunean 3024 pertsonara mugatu behar zen) "gutxiago" izango dira Bizkaiko kostaldeko biotopo babestu horretarako sarbideen kontrolari berrekiten zaionean, Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak iragarri duenez.

Martxoaren 14tik aurrera Gaztelugatxerako sarbidea egunean 3024 pertsonara mugatuta egongo zela eta uhartetxoan aldi berean 340 pertsona bakarrik egon ahalko zirela erabaki zuen otsailean Bizkaiko Foru Aldundiak, inguruko aberastasun naturala eta bisitarien segurtasuna babesteko.

Koronabirusaren ondorioz, baina, alarma-egoera ezarri zen martxoaren 14an bertan, eta, ondorioz, Aldundiak bertan behera utzi zuen edukiera kontrolatzeko ezarri behar zen zerbitzua, Elena Unzuetak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian azaldu duenez.

Foru diputatuaren hitzetan, oraindik ez dago kontrol zerbitzua ezartzeko arrazoirik, herritarren joan-etorriak mugatuta baitaude.

Unzuetaren arabera, osasun gomendioak kontuan hartuta, eta Gaztelugatxerako sarbidearen ezaugarriak kontuan izanda, bisitak hartzeko mugak hasieran aurreikusitakoak baino "murriztaileagoak" izan behar dira, pertsonen arteko bi metroko distantzia bermatzeko.

Hori dela eta, edukiera kontrolatzeko zerbitzuari berriro ekiten zaionean, bisitarien kopurua "ez da egunean 3024 pertsonakoa izango, txikiagoa baizik", Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, baina Unzuetak ez du zehaztu zein izan litekeen.

Gaztelugatxen sarbideak kontrolatzeko neurriak hartzea erabaki zuen Aldundiak azken urteetan bisitari kopuruak gorakada nabarmena izan ondoren, Bizkaiko bigarren jomuga turistiko bilakatu baita, Guggenheim Bilbao Museoaren atzetik.

2019an, ia 728.000 pertsona joan ziren Gaztelugatxera, 2018an baino % 24 gehiago, eta udako hilabeteetan joan ziren gehienak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Turismoa Euskadi Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gaztelugatxe Koronabirusa