Gizartea -
Koronabirusa
Eskola Kontseiluak datorren ikasturtea orain antolatzea eskatu dio Jaurlaritzari
Uda baino lehen eta hezkuntza komunitatearekin elkarlanean egitea eskatu du, koronabirusaren pandemiak eragindako testuinguruan "inprobisazioak saihesteko".
agentziak | erredakzioa
EAEko Eskola Kontseiluak datorren ikasturtea uda baino lehenago eta hezkuntza komunitatearekin elkarlanean "prestatzea, planifikatzea eta antolatzea" eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari, koronabirusaren pandemiak eragindako testuinguruan "inprobisazioak saihesteko".
Ohar batean, kontsulta eta aholkularitza erakundeak zentroen autonomian "sakontzea" eta "erabakiak partekatuak" izatea gomendatu dio Hezkuntza Sailari.
Beharrak "handiagoak" izango direnez, elkartasunerako, ardurarako eta eskuzabaltasunerako deia egin dio hezkuntza komunitate osoari eta Administrazioari, "beharrezko antolakuntza neurri guztiak" har ditzan, "baliabide guztiak handitzeko eta parekidetasuna bermatzeko, orain inoiz baino gehiago".
Ikasturte honen amaierarako eta 2020ko udarako, Kontseiluak ikasle bakoitzaren diagnosi "indibiduala, benetakoa eta zehatza" egitea proposatu du, besteak beste, esku hartzeko neurri pedagogikoak ezartzeko.
Errefortzurik behar izanez gero, gainera, udan jarduerak antolatzearen alde egin du Kontseiluak, baina "familiarentzat kargarik eragin gabe", eta "aukera aprobetxatzea" euskara eta aisialdia indartzeko.
Irailean, berriz, Eskola Kontseiluak ikasleen "harrera pertsonala eta arreta emozionala" kontuan izatea eskatu du, inklusio sozialari eta aniztasunari dagokienez bereziki.
Era berean, familiei antolakuntza aldaketa guztien berri eman behar zaiela eta pandemian indartu den baliabide digitala aprobetxatzea eta ikasketetarako ohiko tresna izatea proposatu du, ikasle guztiek "sarbide digitala" dutela bermatuta.
Horretarako, eskola publikoa digitalizatzeko premiazko egitasmoa eskatu du.
COVID-19aren ondorena
COVID-19aren ondorengo testuinguruan hezkuntza bermatzeko aldaketei dagokienez, Eskola Kontseiluak orain arte ikasitakoa kontuan hartzea proposatu du, "ikasleen motibazioa handitzeko metodologiak martxan jarriz, ikasketak indartuz, eta ikasleen autonomia eta esperimentazioa eta ikerkuntza sustatuz".
Beste neurrietako batzuk irakasleen formakuntzarekin daude lotuta, familien parte-hartzearekin euren beharrak identifikatzeko, eta espazioen antolaketa malgutzearekin.