Gizartea -
Hezkuntza
Jaurlaritzak 8,4 milioi bideratuko ditu itunpeko ikastetxeetan enplegua mantentzera
Enplegua mantentzeko eta irakasleak gaztetzeko akordioen esparruan banatuko dira laguntzak, datozen urteetarako aurreikusi den demografia beherakadaren aurrean.
agentziak | erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) itunpeko ikastetxeei laguntzak emateko deialdia egiten duen agindu bat onartu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta. Enplegua mantentzeko eta irakasleak gaztetzeko akordioen esparruan banatuko dira laguntzak, datozen urteetarako aurreikusi den demografia beherakadaren aurrean. Deialdiak 8.470.000 euroko aurrekontua du, Jaurlaritzako arduradunek iragarri dutenez.
EAEko Administrazioak akordioa sinatu zuen gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako patronalekin eta sindikatuekin, urtarrilean eta otsailean. Alde batetik, irakasleen enpleguari eustea adostu zuten, ikasgela kopurua murriztearen ondorioz lanpostua gal dezaketen irakasleak birkokatzea bermatzeko; eta bestetik, irakasleen belaunaldi erreleboa erraztea adostu zuten, irakasle zaharrenen erretiroa eta irakasle gazteenak lanbidera sartzea errazteko, Administrazioaren laguntzarekin erretiro partziala eta errelebo kontratua bultzatuta.
Horrela, astearte honetan onarturiko laguntzen onuradun izan daitezke aipatutako akordio biak sinatu zituzten EAEko itunpeko ikastetxe pribatuak, gizarte ekimenekoak nahiz ikastolak izan.
Batetik, enpleguari eustea lagunduko da diruz, 2020-2021 ikasturtean itundutako ikasgelak murriztearen ondorioz lanpostua galtzen duten irakasleak birkokatuta, betiere horiek birkokatzeari ekiten bazaio. Kaleratzeagatiko kalte-ordainak ere lagunduko dira, birkokatzeko aukerarik ez dagoenean eta erreferentziako akordioan hala aurreikusita dagoenean. Halaber, irakasleak gaztetzea lagundu nahi da, errelebo kontratuari lotutako erretiro partzialen bidez.
Deialdian sartzeko, Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako kontratu mugagabea duten irakasleak izango dira diruz lagundu daitezkeen jardueren eraginpeko langileak, betiere EAEko itunpeko irakaskuntzan.