Gizartea -
Koronabirusa
Adinekoen heriotzak ikertzeko eskatuko diote Arabako pentsiodunek Arartekoari
Berrogeita hamar pentsiodunek elkarretaratzea egin dute Arabako Foru Aldundiaren aurrean, adinekoen egoitzetan 139 pertsona hil direla salatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Berrogeita hamar pentsiodunek elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Arabako Foru Aldundiaren aurrean, koronabirusaren pandemian 139 adineko hil direla salatzeko. Arabako pentsiodunek, era berean, EAEko Arartekoari heriotza horiek ikertzeko eskatuko diotela iragarri dute.
COVID-19ak eragindako krisia dela-eta, bi hilabete baino gehiago mobilizaziorik egin gabe egon ostean, bertaratutakoek ekitaldi hunkigarria egin dute, eta segurtasun-tartea gordeta, maskarak eta zapi moreak jantzi dituzte.
Pandemia garaian Aldundiak egindako kudeaketa kritikatu dute manifestariek, eta, salatu dutenez, gizarte zerbitzuen "pribatizazioak negozio eredu gisa erabiltzeak adinekoen egoitzetako arreta defizita eragin du".
Horregatik, Osakidetza bezalako zerbitzu publikoak eta mendekotasuna duten pertsonen arreta "indartzeko" eskatu dute.
"Agur Jaunak" abestiarekin, Arabako egoitzetan hildako 139 pertsonak omendu dituzte, "biktima errugabeak" direla esan dute eta horien sendeei elkartasuna adierazi diete, "merezi duten moduan agurtu ezin izan dituztelako".
Arartekoari gertatutakoaren inguruko ikerketa irekitzeko eskatuko diotela iragarri dute, eta tartean dauden erakunde guztiei azalpenak eskatuko dizkietela nabarmendu dute: Arabako Diputazioari, Gasteizko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari.
Ekitaldia 09:30ean hasi da, eta txalo zaparrada luze batekin amaitu da.