Gizartea -

Bizkaia

Zazpi pertsona etxetik atera dituzte Ean, norbaitek kutxazain bati su eman ondoren

Pintadak agertu dira EAJren hiru batzokitan eta PSEren Herriko Etxe batean. Kanpaina bat Patxi Ruiz ETAko presoa gose- eta egarri-greban dagoela ari da gogoratzen, eta dena testuinguru horretan dago.

Eako kutxazain automatikoa, kiskalita. Argazkia: "Boulevard" (Radio Euskadi)
Eako kutxazain automatikoa, kiskalita
Zazpi pertsona etxetik atera dituzte EAn, kutxazain batean piztutako sutearen ondorioz

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zazpi lagun etxetik atera dituzte Ean, gauerdian, banku-sukurtsal bateko kutxazainean izandako suteagatik; zantzu batzuen arabera, norbaitek eraginda izan da sutea. Halaber, ostegun honetan ere, pintadak agertu dira EAJren hiru batzokitan (Algortan, Berangon eta Getxo Zaharrean), eta PSE-EEren Herriko Etxe batean (Sopelan). Hain zuzen ere, kanpaina jakin bat Patxi Ruiz ETAko presoa gose- eta egarri-greban dagoela ari da gogora ekartzen, eta dena testuinguru horretan dago.

Gainera, Izarrako hainbat puntutan, azken orduetan, EAJren eta Ertzaintzaren aurkako pintadak agertu dira; horrez gain, Portugaleten, asteartean, PSE-EEren Herriko Etxean ere agertu ziren pintadak.

Hala, zazpi pertsona etxetik atera behar izan dituzte gauerdia jota Ean, Ertzaintza oraindik ikertzen ari den arrazoiengatik (norbaitek piztu duen zantzuak daude), banketxe bateko kutxazain automatikoak su hartu eta gero, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

00:10ean jazo da gertakaria, Dendakale Bizkaiko udalerriko kalean dagoen kutxazain batean.

Sugarren ondorioz, banketxearen gaineko bi etxebizitzetan zeuden zazpi lagun etxetik atera dituzte, baina goizeko lehen ordurako bueltan zeuden, dagoeneko.

Kutxazain automatikoa, kiskalita

Argazkia: "Boulevard" (Radio Euskadi)

Bitartean, Algortako, Berangoko eta Getxo Zaharreko EAJren batzokietan pintadak agertu dira goizean; horietan, alderdi jeltzalea "hiltzailea" eta "kartzelaria" deitzen diote, "amnistia osoa" eskatzen dute, eta Patxi Ruiz presoaren "gose- eta egarri-greba" gogora ekartzen dute.

Pintadetan, horrez gain, PSOEren kontra ere jotzen dute; "hiltzailea" deitzen diote alderdi horri ere, eta leporatzen diote lan horretan "EAJren laguntza" duela.

BIDEOA | EAJren hiru batzoki eta PSEren Herriko Etxe bat pintaketekin esnatu dira

EAJren hiru batzoki eta PSEren Herriko Etxe bat pintaketekin esnatu dira
EAJren hiru batzoki eta PSEren Herriko Etxe bat pintaketekin esnatu dira
EAJren hiru batzoki eta PSEren Herriko Etxe bat pintaketekin esnatu dira

1:08

Sopelan, PSE-EEren Herriko Etxearen fatxadan pintadak agertu dira: “Amnistia. PSOE, hiltzaile. Patxi Ruiz, gose- eta egarri-greban” zioten pintada horiek.

Portugaleteko Herriko Etxean, asteartean, gauza bera gertatu zen.

Izarran (Araba), goizaldean, hainbat pintada egin dituzte, hainbat puntutan, EAJren eta Ertzaintzaren aurkako mezuekin: "Salataria, geratzen zaizkizun egunak atzerako kontaketa dira", eta "EAJ, lotu zure txakurrak".

Eako Udalak, EAJk eta PSE-EEk gertaturikoa arbuiatu dute

Eako Udalak, EAJk eta PSE-EEk gertaturikoa arbuiatu dute, hainbat ohar argitaratuta. Eako Udalak (EH Bilduk zuzentzen du) kutxazainaren aurkako erasoa gaitzetsi du, eta adierazi du "honelako ekitaldiak lekuz kanpo daude, eta ez dute batere laguntzen euskal presoek eta horien senideek bizi duten egoera zailean; zailagoa da, gainera, COVID-19agatik".

Iratxe Arriola alkateak sinatutako bando baten bidez, Udalak elkartasuna agertu die suteak kaltetutako herritarrei (etxetik atera behar izan dituzte): "Babesa eta elkartasuna agertu nahi diegu, eta gogorarazten diegu Udaletxeko ateak zabalik dituztela, behar dutenerako".

Udalak, gainera, zehaztu du azken asteotan lanean izan dela, erasoa jasan duen bulegoak "udalerriko adinekoei eman diezaien zerbitzua; ondorioz, Eako herritarrak dira kaltetuenak", eraso honen ostean.

EAJk, bere aldetik, goizaldean hiru batzokitan eta Izarran agertutako pintadak salatu ditu; ohartarazi du, halaber, "ekintza mafiosoak berragertu direla, eta, gainera, ekintza horiek konfinamendua urratzen dute; batzuek, baina, oso tinko aldezten omen dute konfinamendua".

"Gizartea eta alderdiak ezin gara ezer esan geratu eraso honen aurrean, ez eta Portugaleteko Herriko Etxean edo Eako kutxazainean izandakoen aurrean ere", adierazi du Bizkaiko EAJren Zuzendaritzak, ohar batean.

EAJren iritziz, "paradoxikoa da batzuek pentsatzea zilegitasuna dutela kalera goizaldean irteteko alderdi politikoen egoitzak margotzeko edo kutxazainak erretzeko, pertsona batzuen bizitza arriskuan jarrita, baina, aldiz, uste dute hilabete eta erdi barru ez dela beharrezko baldintzarik izango botoa emateko oinarrizko eskubidea gauzatzeko"; hori esanez, EH Bilduri egin dio aipamen inplizitua.

Oharrean, EAJk elkartasuna eta gertutasuna agertu die PSE-EEko kide guztiei.

Gainera, Arabako EAJren Zuzendaritzak Izarran goizaldean egindako pintadak gaitzetsi ditu: "Mehatxuak eta hauek bezalako irain larriak beti izaten dira onartezinak. Are gehiago 2020an, euskal gizarteak duela urteak utzi baititu atzera hauek bezalako aldarrikapenak".

Bizkaiko PSE-EEk ere salatu du, "irmo", Sopelan (ostegun honetan) eta Portugaleten (asteartean) gertaturikoa.

Ohar batean, Bizkaiko PSE-EEk esan du "bandalo eta intolerante batzuek egindako eraso-kanpaina honek ez du ezer lortuko; iraganean pairatu behar izan genituen indarkeriazko ekintzek ere ez zuten ezer erdietsi".

Mikel Torres Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusiak, oharrean, adierazi du "erradikal hauek" ez dakitela zer diren "errespetua eta elkarbizitza". Gainera, erasotzaileek, Torresen iritziz, erabaki dute "ez egitea kasurik gizartearen nahiei; izan ere, bakean bizi nahi duela esan izan du gizarteak".

EAJri elkartasuna agertu ostean, Torresek deitoratu du "une gogor hauetan, herritarrak ausardia, indarra eta adorea erakusten ari direnean, COVID-19aren aurka borrokatzeko, beste batzuek suntsipena eta intolerantzia emateko bakarrik ari direla erabiltzen konfinamendua".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Gipuzkoa PSOE Getxo albisteak Portugalete berriak Sopela Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Suteak bideoak Albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Berango albisteak