Gizartea -
Koronabirusa
EPIen berrerabilera eteteko agindua eman dio Justiziak Osakidetzari
Satsek aditzera eman duenez, epaiaren arabera, "asteetan osasun alorreko langileen eta haien gertukoen osasuna arriskuan jarri dute".
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko administrazio-auzietarako 1 epaitegiak “EPIen berrerabilera berehala eteteko” agindua eman dio Osakidetzari osasun sistema osoan, Satse sindikatuak aditzera emandakoaren arabera.
Satsek komunikatu batean azaldu dutenez, osasun krisia hasi zenetik "Osakidetzako langileen bizitzeko eskubidearen eta segurtasun fisikoa izatearen garrantzia" azpimarratu dute, eta, horregatik, “erabilera bakarreko norberaren babeserako ekipamenduen berrerabileraren kontra” agertu dira beti.
Sindikatuak adierazi duenez, epaiaren arabera, “aste hauetan lankideen eta haien ingurukoen osasuna arrisku larrian jarri dute euskal osasuneko erakunde publikoak agertutako jarrera arduragabearekin”.
“Hiru lurraldeetako osasun zentroetan, bata eta lan-jantzi iragazgaitzek hainbat alditan garbitu dituzte, eta erabilera bakarreko maskarak asteetan erabili dituzte”, salatu du Satsek.
Sindikatuak argi utzi du “babesarekin erlazionatuta dauden etengabeko gabeziak” salatzen jarraituko duela, “gure lana baldintza egokietan egiteko eta osasun krisia gainditzeko lantoki egokiak izan arte”.