Gizartea -
Deseskalatzea
Lehen Arretan autonomia eta baliabide gehiago izatea eskatu dute familia-medikuek
Osasun-zentroek antolatzeko autonomia izatea proposatu dute, zentro bakoitzak bere ezaugarrien arabera lan egin ahal izateko: handiek eta txikiek, hirikoek eta herri txikietakoek.
Agentziak | Erredakzioa
Osatzen Familia-medikuen Elkarteak autonomia eta baliabide gehiago eskatu dituzte, eta kontratazio gehiago egitea, Lehen Arreta eskaintzen duten zentroetarako.
Osatzen elkartean mila familia-mediku baino gehiago daude, eta, beraien iritziz, koronabirusak osasun-sistema mugiaraztea eta aspalditik egiten zituzten eskaerei erantzuten hastea ekarri du.
Aurrez aurreko kontsultak birplanteatzea, burokrazia murriztea eta pazienteak artatzeko denbora bestela antolatzea daude eskaera horien artean.
Orain, osasun-krisia gainditzen hasi direnean, Lehen Arreta indartzeko neurri berriak eskatu dituzte.
Horretarako, osasun-zentroek antolatzeko autonomia izatea proposatu dute, eta zentroen arteko ezberdintasunak kontuan izateko: zentro handien eta txikien artekoak, hirietako eta herri txikietako zentroen artekoak…
Beste eskaera bat baliabideekin lotuta dago: "Ikerketa eta zaintza aktiboko lanek denbora asko eskatzen dute, eta horiei aurre egiteko giza baliabide gehiago behar dira".
Kontratazio "erakargarria"
Eskaera guztiei erantzun ahal izateko, zentroetan hezitako espezialisten kontratazioa "erakargarria" izatea eskatu dute, ospitaleetan egiten den bezala, eta beste alorretako profesionalak kontratatzeko ahalegina egitea. Hori errazteko, kontratu iraunkorrak eskaintzea eskatu dute.
"Gure ustez, oinarrizkoa da Lehen Arretan kontratatzen dituzten profesionalei egonkortasuna ematea: zeladoreak, laguntzaileak, administrariak, erizaintzako laguntzaileak, erizainak, medikuak… lanaren inguruko ezagutza oso garrantzitsua delako", azpimarratu dute.