Gizartea -
Koronabirusa
Langile bat hil da koronabirusak jota Gasteizko Caser erresidentzian
Pandemia hasi zenetik 30 pertsona hil dira adinekoen zentro horretan. Sindikatuek bost minutu bilkurak deitu dituzte ostiral eguerdian Gasteizko egoitzen aurrean heriotza hori salatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, langile bat hil da arratsalde honetan Gasteizko Caser erresidentzian koronabirusak jota. EAEko adinekoen egoitza batean hiltzen den lehendabiziko behargina da.
ELAk azaldu duenez, erresidentzia horretako unitate soziosanitarioko laguntzailea zen biktima. "Egun, unitate horretan 21 pertsona daude, eta 20 positibo eman dute COVID-19ren proban", erantsi du.
Caser egoitzan 158 lagunentzako tokia dago. 54 ohe Foru Aldundiarenak dira eta 25 unitate soziosanitarioari dagozkio. "Dagoeneko 30 pertsona hil dira erresidentzia horretan koronabirusagatik", ohartarazi du.
"Gure doluminak helarazi nahi dizkiegu biktimaren senideei, lagunei eta lankideei", gaineratu dute oharrean.
ELAk "arduraz" jokatzeko eskatu die erresidentzia kudeatzen duen enpresari eta Arabako Foru Aldundiari. Langile guztiei koronabirusaren testak egiteko eta beharrezkoak diren babes neurri guztiak bermatzeko galdegin du sindikatuak.
Halaber, erresidentzietan bizi den "egoera larria" salatu du eta behargin guztien "osasunerako eta bizitzeko eskubidea" babesten jarraituko duela agindu du.
Bestalde, sindikatuek bost minutuko bilkurak deitu dituzte ostiral eguerdian Gasteizko adinekoen egoitza guztien atarietan azken heriotza hori salatzeko.