Gizartea -
Koronabirusa
2019-2020 eskola-ikasturtea ekainean amaituko da
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, ez da gainditu orokorrik izango, baina inork ez du koronabirusagatik errepikatuko. Gainera, baztertu egin du ikastetxeak uztailean irekitzea.
Agentziak | Erredakzioa
2019-2020 eskola-ikasturtea ekainean amaituko dela adostu dute Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek. Alabaina, autonomia erkidegoetako Gobernuek udarako errefortzu-jarduerak antolatu edo babestu ahalko dituzte, "modu desberdinetan, eta jarduera ludikoekin bateratuta". EAEri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du ez dela gainditu orokorrik izango, baina adierazi du inork ez duela errepikatuko koronabirusagatik. Gainera, baztertu egin du eskolak uztailean irekitzea.
Sektore Batzarra egin dute goizean Espainiako Hezkuntza ministro Isabel Celaak eta autonomia erkidegoetako hezkuntza-arduradunek, eskola-ikasturteari amaiera nola emango dioten zehazteko. Martxoan itxi behar izan zituzten ikastetxeak, koronabirusaren ondorioz.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritza plan bat amaitzen ari da, Euskadin eskola-ikasturteko amaiera nolakoa izango den zehazteko. Plan horretan azalduko da nolakoak izango diren ebaluazioak, zein irizpide jarraituko dituzten eta nola hasiko diren berriro aurrez aurreko eskolak, baldin eta azkenean ikastetxeetara bueltatzea baimentzen badute.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Sektore Batzarrean parte hartu du. Topaketa amaituta, Ministerioak emandako dokumentua aintzat hartu du, "irizpideak eta orientabideak baititu". Halere, Hezkuntza Sailak lanean diharduela azaldu du, EAEko ikasturte amaiera nolakoa izango den erabakitzeko. Uriartek gogora ekarri duenez, Euskadik hezkuntza arloko eskumena du.
Plan horretan honako hauek agertuko dira: zein funtsezko eduki ezagutu beharko dituzten ikasleek, nola ebaluatuko dituzten eta zein "irizpide eta tresna" baliatuko dituzten ebaluazioak egiteko. Hezkuntza Saila, halaber, hainbat aukera aztertzen ari da, aurrez aurreko irakasle-jarduerara itzultzearen nolakotasunak prestatzeko, osasun-egoerak ikastetxeetara itzultzea baimenduko balu.
Uriartek hezkuntza-zentroek eta irakasleek egiten duten "ahalegin handia" eskertu du, eta aurreratu du plan hori hemendik gutxira zabalduko dutela hezkuntza-komunitatean.
Sektore Batzarra
Hezkuntza Ministerioko iturriek azaldu dute Hezkuntza Sailek eta Departamentuek programatutako udako jarduerak "beste administraritza edo erakunde batzuek bultzatu ahal dituztela, boluntarioen laguntzarekin eta hezkuntza-zentroekin eta irakasleekin bat eginda".
Funtzionarioen Sindikatu Independenteak ohar batean azaldu duenez, Sektore Batzarrak baztertu egin du ikasleei gainditu orokorra ematea, eta, aldiz, onartu egin du "ebaluazio jarraituaren bidez ikasturtea errepikatzea ezohiko neurria izatea".
Sindikatuaren hitzetan, Hezkuntza Ministerioak eta kontseilariek ez dute hitzartu aurrez aurreko eskolen gaineko akordiorik edo zer gertatuko ote den epe honetan ikastetxeetan aurreratu ezin izan diren edukiekin. Adostu dutenez, kontu horiek pandemiak aurrera egin ahala aztertuko dituzte.
"Ministerioak ministerio-agindua erredaktatzeko konpromisoa hartu du, neurri orokorrak bateratzen saiatzeko, eta, horrela, autonomia erkidegoen arteko desberdintasunak saihesteko", azaldu du sindikatuak.
Azken bileran, Estatuko Eskola Kontseiluak, alegia, hezkuntza-arloko kontsulta-erakunde garrantzitsuenak, dokumentua adostu zuen; bertan, hainbat eskari biltzen ziren: ikasturtea errepikatzea saihestea, ikasturte hasieran onartutako egutegiari eustea, eta ikastetxean eta online ikasitakoa ebaluatzea, ikasle bakoitzaren egoera kontuan izanik, arrakala digitalik egon ez dadin.
Baliteke dokumentu horrek eragina izatea Celaaren eta kontseilarien erabakietan. Hainbat adituk eta gobernuz kanpoko erakundek eskatu diete "euren arteko aldeak albora ditzatela", segurtasun ezari amaiera eman diezaiotela, eta, Europako beste herrialde batzuek egin dutenez, hezkuntza-neurri "zehatzak eta ausartak" har ditzatela.