Gizartea -
Koronabirusa
Epidemia egonkortzen ari dela uste du Jaurlaritzak
Atzo 44 pertsona hil baziren ere, Miguel Sanchezek baieztatu du badirudiela pandemia “ordoki” fase batean sartu dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Agentziak | Erredakzioa
Gaixotasuna joan den asteotan hartu zuten erien osasun egoera okertu izana da, Eusko Jaurlaritzak gaur azaldu duenaren arabera, azken 24 orduetan koronabirusak hil eta kutsatutakoen zenbatekoa igo izanaren arrazoia, baita atzo, asteartearekin, aurreko egunetan egindako proben “bikoitza” egin izana ere. Horren aurrean, Jaurlaritzak pandemia egonkortu dela eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan “ordoki” fase batean gaudela pentsatzen segitzen du.
Miguel Sanchez Eusko Jaurlaritzaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak covid-19ak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaeraren txostena aurkeztu du gaur, asteazkenarekin, eta azaldu du azken 24 orduetan 44 pertsona hil direla, pandemia hasi zenetik inoiz baino gehiago, eta 518 kutsatu berri zenbatu dituztela.
Plangintza Sanitarioko zuzendariak pandemiaren zifrek erakuts ditzakeen “gorabeheren” testuinguruan kokatua ditu asteazken honetako txostenean bilduta ageri diren datu txarrak.
Proba gehiago
Sanchezek atzo koronabirusa atzemateko 1.532 proba egin izanari egotzi dio kasu berrien gorakada, orain arte inoiz ez baita horrenbeste proba, bezperan egindakoen (779) bikoitza, egin. Osasun Sailaren datuen arabera, proben % 31,1 (508) positiboa izan zen atzo, eta orain arte 16.990 proba egin dituzte guztira Euskal Autonomia Erkidegoan.
“Garrantzitsuena da proba hauetan segitzen dugula ikusten kutsatutako pertsonen ehunekoa gero eta baxuagoa dela”, Sanchezek esan duenez. Martxoaren 28an 1.466 saio egin zituzten, atzora arteko zenbatekorik handiena, eta positiboen ehunekoa % 42koa izan zen, baina harrezkero, ondorengo egunetan, % 34ra jaitsi zen, proba gutxiago eginda. Nolanahi den, azken orduetan % 33koa izan da ehunekoa, inoiz baino proba gehiago eginda.
“Joera aldaketa”
“Zuhurtziaz” bada ere, Sanchezek azpimarratu du atzo Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi duen ideia; alegia, “joera aldaketa” bat dagoela eboluzioan. Halaber, EAEko osasun sistemaren gaineko presioa “neurrira etortzen” ari dela esan du, eta Txagorritxuko ospitalean, esaterako, ohe libreen “bolumen esanguratsua” dagoela.
Sanchezek errepikatu du “erne” jarraitu eta konfinamendu neurriak errespetatu behar ditugula, positiboen jaitsiera desiratua irits dadin.