Gizartea -
Koronabirusa
47 pertsona hil dira jada Arabako eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetan
Arabako zentroetan, 212 lagun daude koronabirusak jota. Gipuzkoako zehar-etxeetan, berriz, 95 positibo izan dira.
Agentziak | Erredakzioa
Azken orduetan, hiru pertsona hil dira Arabako adinekoen egoitzetan; ondorioz, guztira 39 hildako zenbatu dituzte egoitza horietan koronabirusaren pandemia hasi zenetik.
Arabako Diputazioak jakinarazi duenez, 7 adineko Aldundiak kudeatutako egoitzetakoak dira, 2 udal zentroetakoak eta 30 instalazio pribatuetakoak. Hildako adinekoetako 27 ospitaleetan zendu dira, eta gainerako 12ak egoitzetan. Arabako egoitza batean, 18 pertsona hil dira, baina Diputazioak ez du zentroa zein den jakinarazi.
Guztira, Arabako adinekoen egoitzetan 212 positibo izan dira (134 instalazio pribatuetan, 72 Diputazioaren egoitzetan eta 6 udal zentroetan), eta horietako 26 eraman dituzte ospitaleetara, osasun arazo larrienak zituztenak; gainerakoak egoitzetan zaintzen ari dira, osasun sistemari presio gehiago ez sartzeko. Desgaitasunak dituzten pertsonentzako zentroetan 15 positibo atzeman dira, eta 10 ospitaleetan daude.
Bestalde, Arabako Diputazioak eten egin ditu Errepideen Foru Sarean egiten ari ziren lanak, Espainiako Gobernuaren errege lege-dekretuari kasu eginez. Beraz, lanak etenda gelditu dira apirilaren 9ra arte. Lanak egiten ari ziren enpresek materiala eta makinak gordeko dituzte ondorengo orduetan, eta laguntza-talde bat bakarrik ibiliko da lanean, obren segurtasuna bermatzeko.
Martxan zeuden lan publikoen betearazpenak ere bertan behera utzi ditu Arabako Foru Aldundiak, Laudioko Lamuza jauregia birgaitzeko lanak kasu. Diputazioak mantendu egingo ditu Alavabus autobus-lineak, ohiko eskaintza % 30 murriztuta, beharrezko zerbitzuetan lan egiten duten langileen joan-etorriak bermatzeko.
Zortzi hildako Gipuzkoako egoitzetan
Gipuzkoako zahar-etxeei dagokienez, 5 pertsona gehiago zendu dira asteburuan eta, ondorioz, 8 hildako zenbatu dituzte orain arte.
Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez, azken orduotan 7 kasu gehiago baieztatu dituzte. Hortaz, 95 adinekok eman dute positibo. Guztira, 5.425 pertsona daude Gipuzkoako egoitzetan.
Koronabirusarekin gaixotutako 19 adineko Gurutze Gorriak Donostian duen zentroan daude, eta 9 ospitalean.
Azken heriotzak Beasaingo, Tolosako, Arrasateko, Irungo eta Zarauzko zahar-etxeetan izan dira.