Gizartea -
Koronabirusa
'Maskara-19', indarkeria matxistaren biktimak artatzeko kanpaina
Bizkaiko Aldundiak ere bat egin duen ekimen horrekin, indarkeria matxistaren biktimek farmazietan ere eskatu ahal izango dute laguntza "maskara 19" esate hutsarekin.
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko Aldundiak, lurraldeko Farmazialarien Kolegio Ofizialarekin lankidetzan, bat egin du "Maskara-19" kanpainarekin, indarkeria matxistaren biktimak babesteko eta koronabirusaren krisian ere laguntza eta arreta bermatzeko.
Indarkeria matxista egoeran dauden edo pairatzeko arriskuan dauden emakumeek lurraldeko edozein farmaziara joateko aukera dute, eta oso modu errazean eskatu ahal izango dute laguntza: "Maskara 19" esanda.
Farmazietako langileek, Kolegio Ofizialetik jasotako jarraibideei esker, emakumeak babesteko eta artatzeko protokoloa jarriko dute abian, eta Larrialdi Zerbitzuen esku utziko dituzte kasuak, hala behar izanez gero.
Beste autonomia erkidego batzuetan "Genero indarkeriaren aurka, maskara 19" lelopean abian jarritako kanpaina da.
Hala ere, Bizkaiko Aldunditik azpimarratu dute konfinamenduan ere "erabat martxan" dagoela biktimak artatzeko zerbitzua.