Gizartea -
Koronabirusa
Autismoa duten pertsonak kalera atera daitezke, betiere laguntzaile batekin
Hain zuzen ere, beharrezkotzat jotzen diren joan-etorri guztiak egin ahal izango dituzte, betiere koronabirusa hedatzea saihesteko beharrezko neurriak errespetatzen badira.
Agentziak | Erredakzioa
COVID-19 gaitzak eragindako osasun-krisia kudeatzeko asmoz indarrean dagoen alarma-egoerari buruzko Errege Dekretuaren jarraibide berria argitaratu du bart Estatuko Aldizkari Ofizialak (EAO). Horren arabera, autismoaren espektroko nahasmena edota jokabide disruptiboak dituzten pertsonak kalera atera daitezke, laguntzaile batekin bada ere.
Zehazki, alarma-egoera ezartzearen ondoriozko konfinamenduak haien egoeran kalte egiten duenean, beharrezkoak diren joan-etorri guztiak egin ahal izango dituzte, betiere koronabirusa hedatzea saihesteko beharrezko neurriak errespetatzen badira. Hala jasotzen du Salvador Illa Osasun ministroak sinatutako testuak.
Izan ere, aste honetan bertan, autismoa zein beste edozein jokabide disruptibo duten pazienteak salbuespen gisa kalera irteten uzteko eskatu zion Espainiako Autismo Konfederazioak Espainiako Gobernuari. Ildo horretatik, kalera ateratzeko debekuak haien eguneroko bizitzan ondorioak izan ditzakeela ohartarazi zuen, "hain muturreko" aldaketa horrek euren osasunean eragin baitezake, hala nola estutasuna eta estresa areagotuz. Gainera, muturreko egoeretan, bakarrik bizi diren edo inguruan senide gutxi dituzten pazienteen kasuan esaterako, euren osotasun fisikoa arriskuan jartzeko arriskua dagoela nabarmendu zuen.