Gizartea -
KORONABIRUSA
Koronabirus kasuan ibuprofenorik ez hartzeko esan du Frantziako Osasun ministroak
Antiinflamatorioek koronabirusak eragindako infekzioa okertu dezaketela ohartarazi du Olivier Veranek. Horregatik, sukarra izanez gero parazetamola hartzeko aholkatu du.
EITB.EUS
Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak oharatarazi duenez, antiinflamatorioek koronabirusak eragindako infekzioa oker dezakete. Hori dela eta, ondoko gomendioa egin die herritarri: sukarra izanez gero, hartu parazetamola.
Twitterren duen kontu ofizialean ondokoa idatzi du: "Hanturaren aurkako botikak hartzea (ibuprofenoa, kortisona...) infekzioa okertzeko arrazoia izan daiteke. Sukarra baduzu, hartu parazetamola. Jada antiinflamatorioak hartzen ari bazara edo zalantzak badituzu, deitu zure medikuari" aholkatu du.
Espainiako Osasun Ministerioak dio ez dagoela harremana horren argi
Frantziako Osasun Ministroak egindako ohartarazpenaren aurrean, Espainiako Osasun Ministerioak oharra kaleratu du Twitter bidez, ibuprofenoak infekzioa okeratzen duela esateko oraindik ez dagoela "daturik" esanez, eta argitu du oraintxe aztertzen ari direla gai hori Farmakobigilantziaren Arriskuen Ebaluazio Batzordean, Europa mailan.
Eusko Jaurlaritzak ere harreman hori aztertzen ari direla oraindik berretsi du baina badaezpada ere farmazialariei gomendio hori egin diete. 15:00ak aldera, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera eman duen prentsaurrekoan, Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez, "une honetan ebidentzia zientifikoa aztertzen ari da, baina egia da seinale edo adierazgarri batzuk badaudela, eta beraz, guk gomendio hori egin diegu farmaziei. Baieztatzeko zain gaude, baina herritarrentzako onena dena ahal den azkarren identifikatu nahi dugu".
Oinarrizko aholkuak kutsatzea ekiditeko:
- Eskuak sarri garbitu
- Eztula egitean besoa edo ukondoarekin estali ahoa, ez eskuarekin
- Erabili eta botatzen diren mukizapiak erabili eta berehala zaborrontzira bota
- Etxean eskuekin ukitzen diren elementuak ura eta lejiarekin garbitu: ateetako heldulekuak, argia pizteko botoiak, iturriak, mahaiak, gainazalak eta komuna
- Beste pertsonengandik 1,5 metrora egon
- Ez norberaren ez besteen aurpegia ukitu
- Ez eman musurik, besarkadarik ezta eskurik ere
- Ez bidaiatu eta ez ibili joan-etorrian ezinbestekoa ez bada
Koronabirusaren sintomak:
- Sukarra
- Eztul lehorra
- Itolarria
- Ondoeza