Gizartea -
Koronabirusa
Munduko Osasun Erakundea (MOE): "Europa pandemiaren epizentroa bihurtu da"
MOEko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, Europan munduko beste edozein lekutan baino jende gehiago ari da kutsatzen koronabirusarekin, eta neurriak gogortzeko eskatu die agintariei.
Agentziak | Erredakzioa
Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko (MOE) idazkari nagusiak ostiral honetan adierazi duenez, Europa COVID-19 gaitzak eragindako "pandemiaren epizentroa bihurtu da". Dagoeneko 5.000 pertsona baino gehiago hil dira nazioartean koronabirusaren ondorioz.
Medikuak kazetarien aurrean egindako agerraldi batean ziurtatu duenez, "Europan munduko beste edozein lekutan baino jende gehiago ari da kutsatzen koronabirusarekin". Bere esanetan, Txinako epidemiaren une gorenean baino kasu gehiago daude egunean.
Testuinguru horretan, MOEko idazkari nagusiaren iritziz munduko agintariak oker dabiltza neurri zehatzetan (kasuak atzematen, kutsatutako pertsona horien gertukoen jarraipena egiten edo gizartean urruntzeko neurriak ezartzen, adibidez) tematzen badira, bere esanetan, ezinbestekoa baita "prebentzio-neurri guztiak aldi berean" hartzea (kutsatutako pertsonak isolatuz, horien gertukoak koarentenan jarriz eta kasu larrietan tratamendua emanez).
Ildo horretatik, Hego Korea, Singapur eta Txina jarri ditu adibidetzat, non, neurri multzo horretaz gain, "bizitza asko salbatzea ahalbidetu zuen gizarte mobilizazio garrantzitsua" egon zen.
"Osasun zentro bakoitzak prest egon behar du paziente ugari hartzeko eta, aldi berean, langileen babesa bermatzeko", gaineratu du MOEko idazkari nagusiak.
Munduan kutsatze gehien noiz izango diren galdetuta, hori ezin dela aurreikusi azpimarratu du Maria Van Kerkhove MOEko gaixotasun berrien unitateko buruak, baina "edozein agertokitarako prestatu" beharra dagoela gaineratu du.
Bestalde, izurriteak leku bakoitzean duen eragina bertako agintariek hartzen dituzten prebentzio-neurrien araberakoa dela nabarmendu du. Gauzak horrela, Txinan hartutako neurriak gogorrak izan ziren arren, erabaki horiek okerrena gainditzea ahalbidetu dutela dirudiela esan du.
Alabaina, errebote efektua egon daitekeela ohartarazi du Van Kerkhovek, eta, horrenbestez, kasuak berriro ugaritu daitezkeela ziurtatu du. Ondorioz, "oso adi egon behar da bat-batean ager daitekeen edozein kasuri". Oraindik koronabirusarekin kutsatutako gaixorik atzeman ez dituzten herrialdeei dagokienez, berriz, “lehen kasuei ematen dieten erantzuna” funtsezkoa izango dela esan du.
Prentsaurreko berean, sektore pribatuaren, erakunde filantropikoen eta norbanakoen dohainak biltzea espero duen elkartasun funts berri bat aurkeztu du Tedrosek, orain arte MOEren ekintzaren finantzaketa batez ere nazioarteko estatuen ekarpenei esker izan baita posible.
MOEk 89 milioi maskara, 30 milioi txabusina, 76 milioi eskularru eta 30 milioi betaurreko inguru banatu ditu nazioartean koronabirusari aurre egiteko lanean ari diren osasun-langileen artean.