Gizartea -
Koronabirusa
Zer aldatzen da koronabirusa pandemiatzat hartu ostean?
"Oraindik mendean hartu daitekeen lehen pandemia" dela nabarmendu du MOEk, eta, infekzioak saihesteko, bizitzak salbatzeko eta inpaktua gutxitzeko funtsezko lau arlo aipatu ditu.
eitb.eus
Koronabirusaren agerraldia pandemiatzat hartu du ofizialki Munduko Osasun Erakundeak (MOE) asteazken honetan, COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitza duten pertsonen kasuak nabarmen ugaritu ondoren. Izan ere, azken bi asteetan hirukoiztu egin da kutsatutako herritarrak atzeman dituzten herrialdeen kopurua, eta uneotan (martxoak 12) 118.000 kasu baino gehiago daude 114 herrialdetan. Gainera, 4.291 pertsona hil dira nazioartean. Ildo horretatik, datozen egunetan heriotza eta kasu kopuruek gora egingo dutela uste du MOEk.
Urtarrilaren 30ean, MOEk nazioarteko larrialdia ezarri zuen koronabirusaren bilakaera ikusita. Izan ere, Txinan atzemandako koronabirus kasuak arin ugaritzeaz gain, nabarmen areagotu ziren Asian kaltetutako herrialdeak. Orduan, kasu gehienak (% 99, MOEren arabera) Wuhanen atzeman zituzten. Han identifikatu zuten lehen aldiz koronabirusa.
COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitza agertu aurretik, MOEk ondorengo bost arrazoiengatik ezarri zuen nazioarteko larrialdia: A gripeagatik (2009an), Polioemilitis izurriteagatik (2014an), Afrika mendebaldean agertutako ebolaren krisiagatik (2014an), Zika birusagatik (2016an) eta Kongoko Errepublika Demokratikoan izandako ebolaren agerraldiagatik (2019an).
Testuinguru horretan, koronabirus berria pandemia mailara igo zuen MOEk asteazkenean. "Epidemia jarraitzen aritu gara, eta oso kezkatuta gaude birus horren hedapen azkarrarekin eta ondorioekin, baita horri aurre egiteko herrialde askotan izan duten utzikeriagatik ere. Horregatik, COVID-19 gaitza pandemiatzat hartzea erabaki dugu", esan du Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak.
Zehazki, nazioartean oso arin zabaltzen den gripe-birus bat sortzen denean eta pertsona gehienek horren aurkako immunitaterik ez dutenean pandemiatzat hartzen da gaitza, MOEk azaldu duenez. Alabaina, hilkortasunari aipamen egiten ez dion termino hori "behar ez bezala erabiliz gero, beldurra sortu daiteke jendartean, edota gaitza menpean hartzeko borroka amaitu dela ulertzera eman daiteke, horretarako arrazoirik gabe", gaineratu du erakunde horretako zuzendari nagusiak.
Hori bai, MOEren zuzendari nagusiak jakinarazi du epidemiatik pandemiara igarotzeak ez dituela aldatzen gaixotasunak eragiten duen "mehatxua", hartu beharreko neurriak eta estatuei emandako aholkuak.
Gauzak horrela, infekzioak saihesteko, bizitzak salbatzeko eta inpaktua gutxitzeko funtsezko lau arlo aipatu ditu OMEk: prestaketa; detekzioa eta tratamendua; transmisioa murriztea; eta berrikuntza. "Hau ez da osasun publikoaren krisia bakarrik, sektore guztiei eragingo dien krisia da, eta, beraz, sektore bakoitzak eta norbanako bakoitzak parte hartu behar du koronabirusaren aurkako borrokan", gaineratu du.
Dena dela, "oraindik mendean hartu daitekeen lehen pandemia da", eta, beraz, koronabirusari aurre egiteko prozedurak martxan jartzeko eta zabaltzeko eskatu die MOEk estatu guztiei; herritarrei jakinaraz diezaietela birusak eragiten duen arriskua, eta nola babes dezaketen euren burua; COVID-19 kasuak atzeman, isola eta arta ditzatela; horien kontaktuen jarraipena egin dezatela; eta osasun sistema presta dezatela kasu guztiak artatzeko eta osasun langileak zaintzeko.
"Herrialdeek probak egiten badituzte eta herritarrak koronabirusaren aurka neurriak hartzeko mobilizatzen badituzte, zenbait kasu dituzten toki horiek kasuak ugaritzea saihestu dezakete, eta, ondorioz, gaitza hedatzea", ziurtatu du MOEko zuzendari nagusiak. Azkenik, pandemia baino askoz ere hitz garrantzitsuagoak daudela esan du, "prebentzioa, prestaketa, osasun publikoa, lidergo politikoa eta pertsonak", besteak beste.