Gizartea -
Koronabirusa
Koarentena Errioxako hainbat zonatan, Gasteizko hileta batean kutsatu ostean
Arabako hiriburuan izandako hileta bat koronabirusaren kutsatze-gune bihurtu da, Errioxako 38 lagun eta Arabako 25 pertsona gutxienez kutsatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fernando Simon Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak larunbat honetan baieztatu duenez, Errioxako Osasun Sailak koarentenan jarriko ditu Errioxako auzoko bateko "hainbat etxadi", Gasteizen izandako hileta batean koronabirusagatik kutsatu ostean.
Espainiar Estatuan koronabirusagatik kutsatutakoen inguruko azken datuak jakitera emateko prentsaurrekoa eskaini du Simonek eta, azaldu duenez, "neurriak zailak eta muturrekoak dira, baina beharrezkoak, arrisku handiko taldea baita eta harreman estua izan baitute". Simonek azaldu duenez, Errioxako Gobernua lanean hasi da pertsona horiei ezarriko zaien isolamendua abiatzeko.
El Pais kazetak aurreratu duenez, duela bi aste Gasteizen izandako hileta bat ordura arte koronabirusagatik Espainian izandako kutsatze-pasarterik handiena da. Hileta horretan egon ostean koronabirusagatik kutsatutakoak dira Errioxan bizi diren 38 pertsona (Haro eta Casalarreinakoak) eta Arabako gutxienez beste 25 lagun.
Simonek argitu duenez, hileta bezalako ekitaldietan askoz errazagoa da kutsatzea eta, kasu honetan, kutsatze-iturria herri bat izan da eta jada identifikatuta dituzte medikuak.
-----------------------------------------------------
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.