Gizartea -
Zaldibarko luizia
Zaldibarren desagertutako bi langileen senideei babesa adieraziko diete etzi Zallan
Joaquin Beltranen familiak deitutako elkarretaratze isila larunbatean egingo dute, 17:00etan, herriko Euskadi Plazan.
Agentziak | Erredakzioa
Otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian izandako luiziaz geroztik desagertuta dauden bi langileen familiei babesa adierazteko elkarretaratze isila deitu du Zallako Udalak larunbaterako, eta ekitaldi horretan parte hartzeko eskatu diete herritarrei.
Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, udalean ordezkatuta dauden talde guztiek bat egin dute Joaquin Beltranen familiak deitutako elkarretaratzearekin. Izan ere, behargina herri horretan bizi da.
Elkarretaratzea larunbatean egingo dute, 17:00etan, herriko Euskadi Plazan.
Zallako Udalak elkarretaratze isilarekin bat egiteko deia egin die herritarrei. Kioskoaren inguruan bilduko dira, desagertutako langileen familiei babesa adierazteko jarri duten pankartaren azpian eta horien omenez piztutako kandelen ondoan.
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze luizia gertatu zenetik daude desagertuta, eta ordutik haien bila ari dira erreskate taldeak.